Myanmar

Izarra desgaitutaIzarra desgaitutaIzarra desgaitutaIzarra desgaitutaIzarra desgaituta

Aitortu nuen, eta berresten dut esandakoa. Myanmarrek liluratu nau! Azkenik Indiarako muga zeharkatu dugu, 27 egun Myanmarren eman ditut, 1.400km inguru egin ditut. Eta orain arteko jenderik jatorrena dela esango nuke. Herrialde batzuk ezagutu ditut, bai bidaia honetan, bai beste batzuetan. Eta diferentziaz maitagarrienak eta alaienak direla esango nuke. Diferentziaz gainera. Egunen baten bueltatuko naizen herri honetara badakit seguru, lekutxo bat irabazi du bihotzean eta

Mandalayn visadoak eskuratu eta bideari ekin diogu, egunak justu justu bait genituen mugara ailegatzeko. Estu ibili garenez, txalupa bat hartzeko erabakia hartu dugu, 200 km egiteko eta egun pare bat irabazteko, inoiz ez dakizu zer gerta daitekeen eta. Buelta asko eman ostean, azkenean gu biok eta gure bizikletak prezio normal baten lortu ditugu. Goizeko bostetan ateratzen da txalupa, baina errekan lotuta dagoenez bertan lo egiteko aukera ematen dute ere. Baina..... txalupa txalupa da! Kamaroterik ez, eta soilik autobusetan, edota hegazkinetan bezala hobeto ezanda, jesarleku estu bat, arroz, arrain, barazki eta imaginatu ahal duzun guztia oin artean duzula. Hala eta guztiz ere, lokartu naiz. Goizeko bostetan abiatu da txalupa, eta 5 ordu beranduago 5 km baino gutxiago zituen eginda! Errekak ez du sakonera gehiagorik antza, eta aretan sartu da, trabatuta geldituz, eta motorra izorratu. Tarteka, txalupatxo txiki batekin behar zutenaren bila joaten ziren, atzera eta aurrera, konpondu nahian... baina antza normala ei da, mundu guztiak eroso eta lasai ematen zuen eta. Tarteka ere, saltzaileak txalupatxoetan agertu, barrura salto egin, eta arroza, oilaskoa, edariak, pasteltxoak.... denetarik saltzen zuten. Eta jendeak (eta geuk, jakina) erosi! Azkenenean, 30 ordu beranduago, gure helmugara ailegatu gara.... nekeza da hauen bizimodua gero! Nuek lehertuta bukatu nuen, jesarleku txikian ezin postura hartu, ezin paseoak eman, ezin ezerez egin... desesperazioa!

Bizikletak eta poltsak igotzen lagundu digute (jatorrak benetan!) eta gosaldu ostean bideari ekin diogu. Mendiak ditugu zain, asko, baina ni pozik naiz, azkenean luzatu ahal izango ditut hankak!

3 egunetan azkenean mugara ailegatu gara, arratsaldeko 5etan, justu justu ixteko orduan... eta Myanmarreko azken irribarreak opari egin dizkigute, eta Indiak berezkoa duen "hoztasun eta seriotasunarekin" agurtu gaitu.

Hemendik aurrera... auskalo!!!

Izarra desgaitutaIzarra desgaitutaIzarra desgaitutaIzarra desgaitutaIzarra desgaituta

Urte hasierak Mandalay inguruan harrapatu nau. Egia esan hemendik ez du ematen ezta urtea aldatu denik. Niretzako, Irailean hasi nintzenetik hona, aste batzuk besterik ez direla igaro ematen du. Arin doa denbora gero, eta bidaiatzen egunak bata bestearen atzetik joaten dira, egutegi eta erloju barik. Eguzkiak agintzen du noiz esnatu, eta noiz atsedena hartu. Eta goseak agintzen du noiz den jatorduaren mementoa. Atzera begiratu eta jendeak, ohiturak,.... zenbatetan aldatu diren oraindik konturatzen naiz jada 4 hilabete joan zaizkidala bat-batean. Oraindik lehenengo eguna oso gertu balitz bezala oroitzen dut.

Mandalaytik gertu dagoen herrixka baten agertu, eta gasolina-zerbitzugune baten dutxa arin bat hartu ostean, egunero bezala, lo egiteko lekuaren bila hasi gara. Baina hiria gertuegi dago, eta landa guztiak baratzak dira eta zainduta daude. Bertako hainbat langilerekin topatu gara, eta guztiek erantzun bera eman digute: lo egiteko, jo tenplura. Baina herrixkak - eta errepideak, eta bideak, eta landak – tenpluz eta pagodaz josita daude. Bueltaka ibili eta halako buelta baten, motordun gizon bi gelditu eta zertan genbiltzan galdetu digute. Poliziak dira eta lagundu digute hostela topatzen. Aurreko baten ere aipatu nuen, orain atzerritarrek ez dute baimenduta edonon lo egitea eta. Atzetik joateko eskatu, eta hostelean bukatu dugu. Eta eskerrak! Gau euritsu eta egun euritsuagoa izan da eta.

Afaltzeko bertako jatetxe bat aukeratu, eta berehala hitz egiteko gogoekin dagoen gazte bat hurbildu da. Gertuko herri batekoa, txirrindularia, eta errepidean ikusi gaituenez, gutaz jakin nahi izan du. Tipoa benetan bizikletazalea amorratua dela. Hainbat ditu, eta talde baten aritzen da mendiko bizikletarekin (taldean denak mutilak, jakina...) Berak whiskia edaten zuen bitartean (hotza dago eta berotzeko aitzakiarekin edaten dute) bere herriaren inguruan hitz egin digu, eta bisita egiteko gonbita ere. Gurekin bizikletaz ibili nahi du, hunkituta ikusten zaio eta!
Azkenean, telefono zenbakiak trukatu ditugu, visado eskuratu ostean bere herria bisitatzeko hitza eman, eta ordaintzeko orduan berak egin du, ez digu utzi ordaintzen... Bazkari bat zor diogu orduan, eta bisita egiteko aitzakia ezin hobea!

Hurrengo goizean ateri du tartetxo batez, eta Mandalayraino hurbildu gara, arin, euriak berriro ez harrapatzeko (Laosetik ez nuela euria ikusten, bi hilabete baino gehiagotan, tantarik ere ez!).

Hirian alforjak utzi, eta egin beharrekoei ekin diot... Lagun batek bideo bat eskatu dit, Euskal Herrian presoen aldeko kanpaina baten parte hartzeko, Hertzainaken 564 ohe huts kantaren zati bat abestu eta bidaltzeko... nor eta ni abeslari! Ezagutzen nautenek badakite ez naizela bat ere kantari fina (xamur esatearren) baina ekintzak merezi duela uste dut, eta lotsa guztiak janda, eta Angelilloren egoerak sortzen didan amorruak bultzatuta ahal bezain ondo egiten saiatu naiz. Emaitza ez da ez, nire buruan imajinatzen nuen bezalakoa, eta harro egoteko ahotsa ez izan arren, zer demontre, harro nago! Neuk ere nire aletxoa jarri nahi izan dut Myanmarretik!



Ostean, lasaiago, azken egunetan bideo grabatzeak sortzen zidan urduritasuna gainetik kenduta, beste zereginei arreta jartzeko ordua zen. Atsedena hartu (nahi baino gehiago izango dena azkenean), bizikletei egin beharreko konponketa guztiak (eta hauek ere nahi baino gehiago izan dira azkenean) eta Indiarako visado eskuratzeko tramiteak egin. Bueno, eta nire urtebetetzerako opariren bat jaso ere!

Zaila da Urtezahar eguna era urtebetetzea etxekoengandik urrun igarotzea, baina gaur egungo sare sozial eta doako deiekin azkenean lagun artean sentitu naiz! Mila esker eta musu bana, bihotzetik!

Bizikletak konpontzeko tailer txiki bat topatu dugu, hainbatetan galdetu ostean, eta Mandalayn dagoen mekaniko hoberena eta jatorrenarekin topatu naiz! Benetan mekaniko fina, merkea, eta atsegin-atsegina! BEra poz pozik zegoen gu lagundu ahal gintuelako, gure bizikleta egurtuek zituzten matxura guztiak konpontzen... aurreko frenoak olioa galtzen zuen eta junta txiki bat aldatu behar zen (horretarako 2 ordu eman zituen, eta zoriontsua ikusten zitzaion tipoari, inoiz ikusi gabeko formula 1 frenoak konpondu ahal izan zituelako, neuk berrien prezioak begiratzen nituen bitartean, atsekabetuta diru gehiegi izango zelakoan), aurreko gurpilaren ejea aldatu, pedalierraren ejea garbitu eta olioztatu, ateratzen ezinezkoa ematen zuen pedalen pin guztiak aldatu, aurreko argi duin bat eskuratu... eta guztia ezin merkeago, benetan!. Aldatzekoak ziren piezak merkeak badira ere, esku lana benetan dela merkea hemen. Gainera, dendan bertan egon naizen bitartean nire bidaiaren nondik norakoen gainean interesa sortu zaie, eta aurretik dudanaren gainean aholku batzuk jaso ere. Pakistan eta Iran zeharkatzeko asmoa banuen (eta badut oraindik) azken asteetako gertakarien inguruan arduratuta ikusi ditut. Urrun badagoen arren, BBCren bitartez jarraitzen dituzte egunerokoak eta ibilbidea aldatzeko gomendioa eman didate. Orain Pakistan eta, batez ere Iran, ez omen dira seguruak atzerritarrentzako....

Hurrengo egunean, Indiako Kontsulatura joan gara, Indiako Visado eskuratu nahian. Online egiteko formularioa beteta eta dolarrak eta pasaportea eskuan kontsulatuan sartu eta harreran dagoen emakume jatorrak lagundu digu: Formularioa ondo beteta daramagu, baina....
Myanmarreko visadoaren fotokopia behar da ere, eta dolarrak.... banan banan begiratu ditu, eta tolestuta, margotuta, edo arrakala txikienak zituztenak baztertu ditu. Ez omen ditu gero bankuak onartzen, eta beraiek ezin dituzte hartu... oooohhhhh! Ba dolar gehiagorik ez! Bueno, bankuak gertu daude eta ez da oso zaila izango eskuratzea. Bizikletak berriro ere hartuta, bankura. Osti! Itxita!!!!!! Gaur urtarrilaren 6a izanik, bankuak itxita daude, eta dirua aldatzeko etxetan ere ez dituzte baztertutako dolarrak hartzen. Enpin!!!!! Azkenean, dirua atera, aldatu, eta billete berri berriekin bueltatu gara. Orain bai, itxaroteko esan digu neskak, elkarrizketa bat behar dela visado baieztatzeko.

Elkarrizketa pixka bat surrealista izan da. Myanmarreko jende atseginarekin ohituta nago jada, eta Indiako jendea bestelakoa da, serioa tratuan, hotzagoak, urrunagoak... eta elkarrizketa hasi da:

- Zure urtebetetzea izan da, ospatu duzu?
- Eeehh, bai. Jatordu berezi batekin. - neu harrituta -
-1975. urtean jaio zinen?
- Bai
- Eta oraindik ere ezkondu barik?
- Bai.
-Baina 1975. urtekoa zara?
- Bai.
- Ba ezkondu behar zara!
- Agian egun batez....

Eta horrela jarraitu du elkarrizketak... Azkenean kontatu diot bizikletaz Hong-Kongdik ari naizela, eta Bangladesh eta Nepal zeharkatzeko asmoa dudala, eta Pakistanetik India utziko dudala. Eta orduan bai sinatu eta elkarrizketa bukatu da. Memento guztietan tipoa serio serio aritu da, baina beti Ok, no problem mingainean izan du.

3 egun behar izan dugu visado eskuratzeko, eta azkenik, gaur eskuratu eta 425 kilometrotara dagoen Indiako Moher herriraino bideari ekingo diogu! Niretzako egun gehiegi geldirik izan dira. Apur bat ipurterre naiz, eta gorputzak atseden luze hau eskertzen duen arren, buruak beti bideari ekin nahi dio, nola edo hala gauzak ikusi, usaindu, dastatu, ezagutu, bidean pedalek eragiten duten tantra moduko horretan sartu nahian beti... Eskertuko dut egur pixka bat, izan ere gaur urtarrilaren 9a izanda, egun bakar batzuk baino ez ditut mugara ailegatzeko.

Baina pozik nago! India dut zain!

Hemendik aurrera... auskalo!!!

Izarra desgaitutaIzarra desgaitutaIzarra desgaitutaIzarra desgaitutaIzarra desgaituta

Euskaldunok urtea agurtzeko mendira joan ohi gara. Neuk ere halaxe egin dut azkeneko urte batzuetan, behintzat aukera izan dudan guztietan.  Aurten, baina, bizikleta gainean tokatu zait urte zaharrari agur esatea eta berria agurtzea.

Bagan herria aukeratuta, Naypyitaw hiriburutik errepide txiki batetik egun pare bat eman ditugu. Hiriburuko errepide erraldoietatik herrixkak zeharkatzen duen errepide zaharra estu batetik ibili gara, egurrezko gurdietan ibiltzen diren nekazariak aurreratuz edo gurutzatuz... eta beti Mingalaba agurra eta irribarrea opari moduan. Hemen bizimodua sinplea da, beraien lastozko etxeak bezalakoak.

Goizean goiz jaiki, baratzera joan, eta, orain behintzat, lastoa batu eta etxe ingurura eraman. Arroza jasota eta lehor dago, eta hemendik behintzat ez dago landatutako gune askorik. Kotoia landak ere agertzen dira noizean behin, baina ez gehiegi ere.

Bidean, zeremonia budista baten (sararazi hobeto esanda) eta ezkontza baten ere. Hemen ospakizun guztiak antzekoak dira. Dekoratutako karpa bat, musika belarriak eztanda arazteko bolumenean, eta janaria, sinplea baina barra-barra. Eta gizon bizardun-altu-zuri-belarritakodun izanda, berehala hartzen zaituzte besotik, eta behi  eta berriro janaria eskaini eta beraiekin jesartzeko gonbita. Neuk aldiz, argazkiak egiteko aprobetxatzen dut aukera (gero norberari helarazten dizkiodanak, jakina), eta janaria eskuratzeko ere. Benetan goxoa egiten dituzten platerak! Baina ez imajinatu guk ezagutzen ditugun ezkontza otorduak bezalakoak, ez. Hemen arroza, zopa, eta gauza gutxi gehiago. Hori bai, gose ez zara izango!

Azkenik, urte-zahar egunean Bagan herrira ailegatu, eta ziztu bizian ilunabarra ikustera hurbildu gara. Herri honetan ehunka pagoda handi zein txiki daude, eta benetan ikusgarria dela ilunabarra eta egunsentia. Pagodak ikusteaz gain, horretara dator hona jendea eta. Ikusi ikusi dugu, baina arnas-estuka, bueltatxo bat eman behar izan dugu eta! Turistek 20 dolar ordaindu behar dute herrira sartzeko... eta ohitura bihurtu da sarrera horiek ez ordaintzea... Money goes flying! 

Ilunabarra ilusi, argazkiak atera, saiakera baino ez den izan eskatutako bideo bat... eta afaltzera!
Hemen ez dute urtea orain agurtzen, eta beraientzat egun guztiz normala da. Eta holaxe igaro dut neuk ere. Arroza afaldu, garagardo bat hartu, eta kanpin denda muntatzeko leku bila ibili ostean, pagoda baten ondoan zegoen zuhaitz baten azpian kokatu gara. Aparteko kontu bakarra izan nuen, Euskadi Irratiko Hiri Gorria saioan elkarizketatxo bat, bigarrenez. Eta oraingo honetan Gabonak zelan igaroko nituen galdetzeko. Hementxe elkarrizketa

Elkarrizketa egin eta lotarako prest eta lo gure, nekatu xamarra... eta urtea halaxe joan zaigu. Eta urtea agurtzeko, goizeko 5etan esnatu eta egunsentiaren bila! Ez da ez, ikusi dudan politena, urte berria laino artean agertu zaigu eta! Baina hurrengo egunerako kokapen batzuk ikusi ditugu. Beraz, urtarrilaren 2an izan beharko da!

TXIRIBUELTATIK, URTE BERRI ON, LAGUNOK!

Hemendik aurrera... auskalo!!!

Izarra desgaitutaIzarra desgaitutaIzarra desgaitutaIzarra desgaitutaIzarra desgaituta

Myanmarrek liluratuta nauka. Aitortu behar dut.
Mae Sotetik (Thailandia) Myawaddyra (Myanmar) pasatzeko lehenengo mementotik konturatzen zara atzean utzi duzula Thailandiako “garapena” eta “modernitatea”. Muga zeharkatu bezain laster jende atsegina, lagunkoia, zoriontsua... aurrean duzula agerikoa da. Edozer eskatu (eta eskatu barik ere) eta berehala izango duzu eskatutakoaren bikoitza.

Askotan esan ohi dut mugan dauden herriak ez zaizkidala asko gustatzen. Herrialde berri batera sartzen zarenean beti izan ohi dut ezinegona. Txanpon berria, hizkuntza berria, keinu berriak eta izaera berria. Eta honetan ere horrelakoa izan da. Txanpona aldatu, dirua atera, eta berehala errepideari ekin diot, mugatik aldentzeko asmoz. Thailandian ez bezala, hemen errepideak txarrak dira, hauts gorriz beterik, eta trafiko nahikotxo dute asfaltatutako errepide apurrak. Herrialde txiroa da, eta hori ere lehenengo begi bistan sumatzen da. Auto gutxi, motorrak eta bizikletak nagusi, eta atzera eta aurrera ibiltzen diren goraino (baina goraino) betetako kamioak. Baina nahiko seguruak dira, nahiko ondo gidatzen dute eta tarte nahikotxo uzten dute aurreratzerakoan.

Lehenengo 30 kilometroak obretan eta asfaltatu barik dagoen lur gorrixka duen errepidean eman ditugu. Lur gorri horrek meatzaldeko, nire eskualdeko, lurraren antza badu, eta memento batez Zugaztietan bueltaka nenbilela imajinatu dut. Bista altxatu eta berehala bueltatu naiz nengoen lekura, bertako errepide lau luze amaigabetara. Izan ere, edonora begiratu eta aurpegia “margoztua” duen jendea baino ez dago. Hemen jende guztiak erabiltzen du hauts horixka, zuhaitz baten azaletik ateratzen dutena, eguzkitik babesteko antza, baina apaintzeko ere erabiltzen dutena eta era guztietako biribil, marra eta puntuekin apaintzen dute aurpegia. Emakume zein gizon. Eta zinez ondo gelditzen zaiela, polita da ikustea. Eta politagoa da ikustea zelan mantentzen dituzten ohiturak, apaintzeko era dela, janzkera dela, edota izaera bera.

Bada beste gauza bat ia mundu guztiak egiten duena... eta hazi eta hostoen nahasketa bat murtxikatzea da. Nolabait beste herrialde batzuetan koka hostoak murtxikatzea bezalakoa omen da, indarra edo ematen die edo, eta etengabean ari dira hosto horiek jaten. Eta listu gorria botatzen, etengabean eta nonahi. Baina asko eta asko... adi ibili behar zara, auto batetik edota kamioi batetik gainera ez jauzteko.

Tenpluetan saiatu gara lo egiten, baina turistak ez jasotzeko bertako agintarien agindua berria omen dute. Eta suhiltzaileetan berdin. Dutxa bai, baina lo tokirik ez. Thailandian bezala saiatu gara ere bertan lo egiten, baina hemen serio hartu dute kontua.... 2 orduz izan gaituzte komisaldegian bertan zain. Lehenengo, kuarteleko buruzagia ailegatu da, gero immigrazioa, eta azkenik turistentzako polizia berezia. Inortxok ere ez zekien ingelesez, eta itzultzaile automatikoekin nola edo hala ulertu dugu elkar. Azkenik, afaltzen gonbidatu, eta azaldu digute, nahiz eta bagenekien arren orain dela gutxi gobernuak debekatu duela turistek edonon lo egitea, eta soilik hotel eta moteletan lo egin ahal dugu. Herri horretan baina turistak jasotzeko baimena duen hotelik ez, eta bizikletak kamioneta baten igota eta gu polizia auto baten, 25 kilometrotara eraman gaituzte inguruan dagoen hotelik merkeenera!

Guztiz surrealista izan da egoera, ingelesa omen zekienaren zain egon dira denbora osoan, eta horri ulertzerik ez zegoen inondik inora! Baina tipoa arro, besteei erakusten zelan hitz egiten zuen ingelesa, eta polizia turistikoa izateko hizkuntzak menperatu behar diren!

Beste batzuetan, aldiz, dutxa eskatu, eta afaltzera gonbidatu gaituzte ere. Eta hemen otordu guztiak antzerakoak dira. Arroz zuri egosia, eta ondoan hainbat plater txiki jartzen dituzte, zure kabuz nahi duzun moduan nahasteko. Eta pikantea, beti pikantea.

Bitxikerien (eta ohituren) artean badago hemen atentzioa eman didan tontakeria bat. Gizon gehienek gona daramate, gazte zein heldu. Gona luzea, oinetaraino ailegatzen zaiena. Baina atentzioa eman didana bereziki txiza egiteko era izan da. Komunetan, zutunik, gona jaso eta txiza egin. Eta errepideetan aldiz, antxintxika gona jaso barik... kuriosoa.

Orain Naypyidaw-en nago, bertako hiriburuan. Gero Bagan eta Mandalay etorriko dira.... eta abenturatxo gehiago seguru ere!

Hemendik aurrera... auskalo!!!

Niri buruz

Kaixo, Asier naiz, eta Hong-Kongetik Ortuellara bizikletaz joateko asmoa dut. Lehenago beste bidaia batzuk egin ditudan arren, hauxe beste kontu bat da!
AEKn  azken 13 urtetan ibili eta gero, urtebete hartu dut amets bat betetzeko.
44 urte ditut, eta Ortuellan dut etxebizitza. Bizilekua, momentuz ... bizikleta!

Azkeneko berriak