Nepal

Are you Basque?

Azkeneko bi egunetan mendatetan gora ibiltzea tokatu zait berriro ere.
Batzuetan, tarte txikiak bakarrik egin ahal izan ditut. Bertan atsedena hartu, eta hurrengo bihurguneraino! Animo Asier! Baina animo guztiekin 25 km egiteko ia 6 ordu behar izan ditut. Mendate gogorra, et kamioiak eta kamioiak... baina azkarregi baten bat heltzeko. Beheranzkoan, baina, oso oso motel datoz... balaztei kea darie, eta tarteka han-hemenka ikusten dira istripuen hondarrak. Ez da ez errepide ona, ezta lasaia ere ez.
Tontorra ikusi ahal izan dut lehenengo aldian, bidean topatu dudan jatetxe txiki batetik izan da. 8 km faltan ditut, eta gero 9 kilometroko jaitsiera arin eta arriskutsua (hori diote behintzat)
Jatetxean, familia guztia jesarri zait inguruan, zelan bazkaltzen nuen begira.. bizarrak deitzen die arreta gehien, gero besoak eta hankak, ilez beterik ditut eta beraientzako nahiko deigarria da hori dena.
Ama Thailandiako, senarra, bertakoa, alaba eta iloba, denak ingelesa ikasi nahian, eta neu Laoseko eta Thailandiako hitzak (nahiko antzerakoak dira). Noddles platerkada bi, txokolatina batzuk eta aurrera. 8 km besterik ez!!!!!
Azkenean lortu dut! Eta jaistea ere.... igotzerakoan jaitsierarekin amestu dut, baina.. malkartsua gero! Balaztak berotu zaizkit nahi baino gehiagotan eta huts egiten hasi dira. Urarekin hoztu, eta banago! Errepide laua! Yujuuuu!
Zerbitzugune baten gelditu naiz, eta bertan turista batek galdetu dit: Excuse me, are you basque? eta neu, guztiz harrituta: Yes, I am... but.. how do yo know?. Erantzuna... I've some basque friends, and you look like them! Belarritakoak, bizarra, sudurra.... euskaldunak antza badugu, bai...
Beranduago, hostel baten atarian, beste galdera bat, oraingo honetan euskaraz.... Euskalduna? eta neuk: Bai, jakina... itxuragatik jakin izan duzu? (Oraindik bestearena  buruan bueltaka nuen eta).  Bueno, hori eta AEK KORRIKA kamisetagatik! Bere erantzuna entzuterakoan barrez lehertu dut, eta gero bera ere!

Bidea samurtzen hasi da azkenik. Mendaterik ez, aldaparik ez... Dena laua eta arin joaten da, eta 100 kilometro ere egin ahal izan ditut eta gehiegi nekatu barik Vientianera ailegatu naiz. Laoseko hiriburu lasaia, tenpluz josita dagoena hau ere. Atsegina da hiri handi baten egotea -bere erraztasun guztiekin- baina honek duen lasaitasun eta goxotasunarekin. Bizitza erritmo pausatuan, jendea paseoan ilunabarrean, merkatu eta janari postuen artean. Turista asko ere, baina ez beste leku batzuetan bezala horren eragin handiarekin.

Bizikletan konponketa batzuk egin behar nituen, baina ezinezkoa egin zait galgen pastillak aldatzea. Gertu dagoen denda batera hurbildu naiz, eta hiruron artean azkenean lortu dugu ordubetean. Jabea txirrindularia da, eta berak nik egin dudan bide bera  bezeroekin antolatutako irteeretan egin ohi izan du. Galdetu diot, zein izan daitekeen Kanbodiara ailegatzeko biderik onena (Vientianetik bertatik zeharkatu ahal da Thailandiatik). Bere ustetan, badaude inguru zoragarri batzuk bizikletaz egiteko hegoaldean, eta mapa baten markatu dizkit. Beraz, Laosetik jarraituko dut Kanbodiaraino gelditzen zaizkidan 700 kilometroak bide lauetatik, eta errepide nagusitik noizbehinka aldenduz...

Gaur, probestuko dut azken gaua Vientianen...

Niri buruz

Kaixo, Asier naiz, eta Hong-Kongetik Ortuellara bizikletaz joateko asmoa dut. Lehenago beste bidaia batzuk egin ditudan arren, hauxe beste kontu bat da!
AEKn  azken 13 urtetan ibili eta gero, urtebete hartu dut amets bat betetzeko.
44 urte ditut, eta Ortuellan dut etxebizitza. Bizilekua, momentuz ... bizikleta!

Azkeneko berriak