Nepal

Bide h(a)uts galduak

Hemendik ibilitako lagun batek -Txuluk- gomendatu zidan, The Loop izeneko ibilbide biribila egin behar nuela, ikaragarrizko paisaiak topatuko nituela, baita bide "txarrak" ere. Baina zinez eskertu behar diot honen berri eman izana, eta horrek animatu ninduen bide hauetatik barna ausartzera... eta bai, bide txarrak, baina Laoseko garai bateko bizimodura bueltatu naizela imajinatu nahi dut. Hemen denda txikiren bat besterik ez dago oinarrizko gauzak erosteko eta asfaltatu gabeko bidexkak baino ez.

Haiseratik Khong Lor kobazuloa zeharkatu nahi nuen txalupan, baina bizikleta atzen utzi barik jakina. Ez nengoen seguru egin zitekeenik, baina bidegurutzetik 45 kilometro egin behar nituen kobazuloaren sarreraraino. Eta aurrera egitea erabki nuen. Kasurik txarrenean ere, kobazuloa ikusi eta buelta egin baino ez nuen egin behar.... denbora ez daukat soberan jadanik, visadoa agortzen ari zait eta, baina tira... minivan moduan erabiltzen dituzten autobusak ere badaude.

Kobazuloaren sarreran bertan prezioak ezarrita daude, eta aukera ezberdin batzuk ere. Pertsonako 100.000 Lak (10 bat euro). Pertsona gehi motorra 200.000 Lak. Eta Pertsona eta bizikleta 150.000 Lak! Egina dago!

Kobazuloa benetan ikaragarria dela. 7 kilometroko luzera duen errekak landutako kobazuloa. Goiko loturan bideo bat ikus dezakezue ideia bat egiteko. Baina ixiltasuna, ur tantak besterik ez, eta txalupa zapalaren zarata... berezia benetan. Ibilbidearen puntu batean txalupatik irten, paseo txiki bat eman eta argazki batzuk ateratzeko aukera ere badago. Estalaktita eta estalagmita asko, ikusgarriak tamainan... baina kobazuloa bera ikuskizun hutsa da!

Beste aldera ailegatu, bizikletan alforjak berriro muntatu, tarte bat hartu naturaren edertasunarekin gozatzeko.... eta Txuluk esandako bidetatik galtzera! Hemen, ez asfaltorik, ez zaratarik, kotxeren bat edo beste, eta umeak oinez, klasetik edo klasera. Batzuk bizikletaz ere. Eta guztiek irri egin eta agurtu! Baina behin eta berriz agurtu ere.... Sabaidee!!! Sabaidee!!!

Etxe huts baten egin dut lo, hautsez beterik, goitik behera. Bizikleta eta alforjak berdintsu.

Gauean, animalien oihu eta zaratak.... eta badaezpada makila bat hartu dut. Ez naiz oso beldurtia... baina animalia batzuk ni baino ausartagoak ere badira, eta makila bat izateak nolabaiteko segurtasuna ematen du... tontakeria handia da, bai. Baina ondoan izanda hobeto egin dut lo.

Hurrengo egunean, bide beretik aurrera eginez, hainbat kilometro egin ditut, ur jauzi batzuk ikustera... baina aldapak ez dira inoiz bukatzen! Honek Euskal Herria ematen du!

Oinez aldapan gora nioanean furgoneta batek lagundu nahi izan dit. Neuk eskertu diot, baina bakarrik hurrengo tontorreraino nahi nuen (jada begi bistan nuena) baina berak ezetz, hori bezalako asko gelditzen zitzaizkidala aurretik..... eta pentsatu barik furgonetara igo dut bizikleta eta neure burua ere atzean bota dut.... 20 kilometroko gorabehera ikaragarriak!!!!!

Asfaltoan utzi nauenean asko eskertu diot. kop chai lai lai!! . 2 euro eskatu dizkit, eta inoiz gustorago ordaindu ditudan bi euroak izan dira!

Hortik aurrera, errepide lasaia izan da Thakek herriraino. Egun bat pasatuko dut bertan, atsedena hartu eta aurrera jarraitzeko. Visadoan 6 egun besterik ez eta gauza asko ikusteko ditut!

Niri buruz

Kaixo, Asier naiz, eta Hong-Kongetik Ortuellara bizikletaz joateko asmoa dut. Lehenago beste bidaia batzuk egin ditudan arren, hauxe beste kontu bat da!
AEKn  azken 13 urtetan ibili eta gero, urtebete hartu dut amets bat betetzeko.
44 urte ditut, eta Ortuellan dut etxebizitza. Bizilekua, momentuz ... bizikleta!

Azkeneko berriak