Nepal

Laos, berriro ikusi arte!

Laos atzean utzi dut. Azkeneko egunak erlojupekoaren kontra egin ditudala iruditu zait. Mugara ailegatzeko egunak justu nituen ,eta ia apenas ezer ikusi barik igaro ditut kilometroak, baita gauez ibiltzea tokatu zait ere (ederra eltxo zopa jan dudana!!!)
Atzera begiratuta Laos bisitatu beharreko herrialdeen artean kokatuko nuke. Iparraldean, hasieran, jendea itxia, arrotza.... iruditu zitzaidan. Baina euskaldunak askotan ere horrelakoak izaten gara. Mendialdeko izaera izango da! Ibilbide gogorrak topatu nituen bertan, mendi koxkorren artean. Eta bizikletari zinez eragin nion, neure burua zalantzan jarri arte ere. Egun batzuetan ibili ginen haserre bizikleta eta biok. Baina azkenik lagunak egin ginen berriro, eta bidean gozatu genuen hasieran bezala. Nahi baino motelago, nahi baino nekatuago, eta nahi baino arazo gehiagorekin... baina horrelakoak dira bidaia abenturak!

Geroago, jendea zabaltzen hasi zen... irribarreak, agurrak... erdialdea eta hegoaldea zeharkatuz. Vientianetik, hiriburutik, hegoalderantz urjauziak eta kobazuloak nonnahi aurkitu ahal dira. Nik batzuk bakarrik bisitatu ditut, lehor garaia dagoeneko hasia da eta ez dira orain bereziki ikusgarriak. Baina kobazulo zalea bazara, hauxe da zure herrialdea!
Bidean hainbat txirrindulari topatu ditut, normalean errepidean, kontrako norabidean. Eta beti gertatzen den bezala, elkartu, agurtu, hitz egin... eta batez ere bihotza alaitu! Ez dakit zergatik, baina txirrindularien artean beti gertatzen da gauza bera. Berdin du nongoa zaren, edo hizkuntza berean mintzatzen zaren edo ez, bizikleta gainean egun batzuk bakarrik emango dituena edo urteak daramana... zaletasun berbera duen beste lagun bat topatu duzu bidean, eta horrek alaitzen du eguna! Eta irribarrearekin jarraitzen du bakoitzak bere bidea.
Azkeneko bi egunetan halako bi lagun topatu ditut. Ingelesez ni baino okerrago mintzatzen den Serbiako Sergei, Mongolia, Txina eta Vietnam zeharkatu duena, eta dolarrak ez izateagatik Laoseko mugatik Vientianerako bidea bueltan egitea erabaki duena, eta Kaliforniako Joseph, orain dela 18 urte bere herritik atera zena eta Asia erdia baino gehiago zeharkatu duen ingeles irakaslea. Azken honek hainbat “tip” esan dizkit, eta berari esker arazo barik zeharkatu ahal izan dut muga. Hori bai, 5 dolar gehiago ordainduta, ez dakit zer nolako papera ez izateagatik (abisatu zidaten, bai, poliziak dirua eskuratzen duela ateratzeko orduan... ez dakit legezkoa baina ohikoa badela)
Eta Laosek utzi didan sabore goxoarekin Kanbodiak eman dit ongietorria.

Hemendik aurrera... auskalo!!!

Niri buruz

Kaixo, Asier naiz, eta Hong-Kongetik Ortuellara bizikletaz joateko asmoa dut. Lehenago beste bidaia batzuk egin ditudan arren, hauxe beste kontu bat da!
AEKn  azken 13 urtetan ibili eta gero, urtebete hartu dut amets bat betetzeko.
44 urte ditut, eta Ortuellan dut etxebizitza. Bizilekua, momentuz ... bizikleta!

Azkeneko berriak