Nepal

Mandalayn atseden egunak....

Urte hasierak Mandalay inguruan harrapatu nau. Egia esan hemendik ez du ematen ezta urtea aldatu denik. Niretzako, Irailean hasi nintzenetik hona, aste batzuk besterik ez direla igaro ematen du. Arin doa denbora gero, eta bidaiatzen egunak bata bestearen atzetik joaten dira, egutegi eta erloju barik. Eguzkiak agintzen du noiz esnatu, eta noiz atsedena hartu. Eta goseak agintzen du noiz den jatorduaren mementoa. Atzera begiratu eta jendeak, ohiturak,.... zenbatetan aldatu diren oraindik konturatzen naiz jada 4 hilabete joan zaizkidala bat-batean. Oraindik lehenengo eguna oso gertu balitz bezala oroitzen dut.

Mandalaytik gertu dagoen herrixka baten agertu, eta gasolina-zerbitzugune baten dutxa arin bat hartu ostean, egunero bezala, lo egiteko lekuaren bila hasi gara. Baina hiria gertuegi dago, eta landa guztiak baratzak dira eta zainduta daude. Bertako hainbat langilerekin topatu gara, eta guztiek erantzun bera eman digute: lo egiteko, jo tenplura. Baina herrixkak - eta errepideak, eta bideak, eta landak – tenpluz eta pagodaz josita daude. Bueltaka ibili eta halako buelta baten, motordun gizon bi gelditu eta zertan genbiltzan galdetu digute. Poliziak dira eta lagundu digute hostela topatzen. Aurreko baten ere aipatu nuen, orain atzerritarrek ez dute baimenduta edonon lo egitea eta. Atzetik joateko eskatu, eta hostelean bukatu dugu. Eta eskerrak! Gau euritsu eta egun euritsuagoa izan da eta.

Afaltzeko bertako jatetxe bat aukeratu, eta berehala hitz egiteko gogoekin dagoen gazte bat hurbildu da. Gertuko herri batekoa, txirrindularia, eta errepidean ikusi gaituenez, gutaz jakin nahi izan du. Tipoa benetan bizikletazalea amorratua dela. Hainbat ditu, eta talde baten aritzen da mendiko bizikletarekin (taldean denak mutilak, jakina...) Berak whiskia edaten zuen bitartean (hotza dago eta berotzeko aitzakiarekin edaten dute) bere herriaren inguruan hitz egin digu, eta bisita egiteko gonbita ere. Gurekin bizikletaz ibili nahi du, hunkituta ikusten zaio eta!
Azkenean, telefono zenbakiak trukatu ditugu, visado eskuratu ostean bere herria bisitatzeko hitza eman, eta ordaintzeko orduan berak egin du, ez digu utzi ordaintzen... Bazkari bat zor diogu orduan, eta bisita egiteko aitzakia ezin hobea!

Hurrengo goizean ateri du tartetxo batez, eta Mandalayraino hurbildu gara, arin, euriak berriro ez harrapatzeko (Laosetik ez nuela euria ikusten, bi hilabete baino gehiagotan, tantarik ere ez!).

Hirian alforjak utzi, eta egin beharrekoei ekin diot... Lagun batek bideo bat eskatu dit, Euskal Herrian presoen aldeko kanpaina baten parte hartzeko, Hertzainaken 564 ohe huts kantaren zati bat abestu eta bidaltzeko... nor eta ni abeslari! Ezagutzen nautenek badakite ez naizela bat ere kantari fina (xamur esatearren) baina ekintzak merezi duela uste dut, eta lotsa guztiak janda, eta Angelilloren egoerak sortzen didan amorruak bultzatuta ahal bezain ondo egiten saiatu naiz. Emaitza ez da ez, nire buruan imajinatzen nuen bezalakoa, eta harro egoteko ahotsa ez izan arren, zer demontre, harro nago! Neuk ere nire aletxoa jarri nahi izan dut Myanmarretik!



Ostean, lasaiago, azken egunetan bideo grabatzeak sortzen zidan urduritasuna gainetik kenduta, beste zereginei arreta jartzeko ordua zen. Atsedena hartu (nahi baino gehiago izango dena azkenean), bizikletei egin beharreko konponketa guztiak (eta hauek ere nahi baino gehiago izan dira azkenean) eta Indiarako visado eskuratzeko tramiteak egin. Bueno, eta nire urtebetetzerako opariren bat jaso ere!

Zaila da Urtezahar eguna era urtebetetzea etxekoengandik urrun igarotzea, baina gaur egungo sare sozial eta doako deiekin azkenean lagun artean sentitu naiz! Mila esker eta musu bana, bihotzetik!

Bizikletak konpontzeko tailer txiki bat topatu dugu, hainbatetan galdetu ostean, eta Mandalayn dagoen mekaniko hoberena eta jatorrenarekin topatu naiz! Benetan mekaniko fina, merkea, eta atsegin-atsegina! BEra poz pozik zegoen gu lagundu ahal gintuelako, gure bizikleta egurtuek zituzten matxura guztiak konpontzen... aurreko frenoak olioa galtzen zuen eta junta txiki bat aldatu behar zen (horretarako 2 ordu eman zituen, eta zoriontsua ikusten zitzaion tipoari, inoiz ikusi gabeko formula 1 frenoak konpondu ahal izan zituelako, neuk berrien prezioak begiratzen nituen bitartean, atsekabetuta diru gehiegi izango zelakoan), aurreko gurpilaren ejea aldatu, pedalierraren ejea garbitu eta olioztatu, ateratzen ezinezkoa ematen zuen pedalen pin guztiak aldatu, aurreko argi duin bat eskuratu... eta guztia ezin merkeago, benetan!. Aldatzekoak ziren piezak merkeak badira ere, esku lana benetan dela merkea hemen. Gainera, dendan bertan egon naizen bitartean nire bidaiaren nondik norakoen gainean interesa sortu zaie, eta aurretik dudanaren gainean aholku batzuk jaso ere. Pakistan eta Iran zeharkatzeko asmoa banuen (eta badut oraindik) azken asteetako gertakarien inguruan arduratuta ikusi ditut. Urrun badagoen arren, BBCren bitartez jarraitzen dituzte egunerokoak eta ibilbidea aldatzeko gomendioa eman didate. Orain Pakistan eta, batez ere Iran, ez omen dira seguruak atzerritarrentzako....

Hurrengo egunean, Indiako Kontsulatura joan gara, Indiako Visado eskuratu nahian. Online egiteko formularioa beteta eta dolarrak eta pasaportea eskuan kontsulatuan sartu eta harreran dagoen emakume jatorrak lagundu digu: Formularioa ondo beteta daramagu, baina....
Myanmarreko visadoaren fotokopia behar da ere, eta dolarrak.... banan banan begiratu ditu, eta tolestuta, margotuta, edo arrakala txikienak zituztenak baztertu ditu. Ez omen ditu gero bankuak onartzen, eta beraiek ezin dituzte hartu... oooohhhhh! Ba dolar gehiagorik ez! Bueno, bankuak gertu daude eta ez da oso zaila izango eskuratzea. Bizikletak berriro ere hartuta, bankura. Osti! Itxita!!!!!! Gaur urtarrilaren 6a izanik, bankuak itxita daude, eta dirua aldatzeko etxetan ere ez dituzte baztertutako dolarrak hartzen. Enpin!!!!! Azkenean, dirua atera, aldatu, eta billete berri berriekin bueltatu gara. Orain bai, itxaroteko esan digu neskak, elkarrizketa bat behar dela visado baieztatzeko.

Elkarrizketa pixka bat surrealista izan da. Myanmarreko jende atseginarekin ohituta nago jada, eta Indiako jendea bestelakoa da, serioa tratuan, hotzagoak, urrunagoak... eta elkarrizketa hasi da:

- Zure urtebetetzea izan da, ospatu duzu?
- Eeehh, bai. Jatordu berezi batekin. - neu harrituta -
-1975. urtean jaio zinen?
- Bai
- Eta oraindik ere ezkondu barik?
- Bai.
-Baina 1975. urtekoa zara?
- Bai.
- Ba ezkondu behar zara!
- Agian egun batez....

Eta horrela jarraitu du elkarrizketak... Azkenean kontatu diot bizikletaz Hong-Kongdik ari naizela, eta Bangladesh eta Nepal zeharkatzeko asmoa dudala, eta Pakistanetik India utziko dudala. Eta orduan bai sinatu eta elkarrizketa bukatu da. Memento guztietan tipoa serio serio aritu da, baina beti Ok, no problem mingainean izan du.

3 egun behar izan dugu visado eskuratzeko, eta azkenik, gaur eskuratu eta 425 kilometrotara dagoen Indiako Moher herriraino bideari ekingo diogu! Niretzako egun gehiegi geldirik izan dira. Apur bat ipurterre naiz, eta gorputzak atseden luze hau eskertzen duen arren, buruak beti bideari ekin nahi dio, nola edo hala gauzak ikusi, usaindu, dastatu, ezagutu, bidean pedalek eragiten duten tantra moduko horretan sartu nahian beti... Eskertuko dut egur pixka bat, izan ere gaur urtarrilaren 9a izanda, egun bakar batzuk baino ez ditut mugara ailegatzeko.

Baina pozik nago! India dut zain!

Hemendik aurrera... auskalo!!!

Niri buruz

Kaixo, Asier naiz, eta Hong-Kongetik Ortuellara bizikletaz joateko asmoa dut. Lehenago beste bidaia batzuk egin ditudan arren, hauxe beste kontu bat da!
AEKn  azken 13 urtetan ibili eta gero, urtebete hartu dut amets bat betetzeko.
44 urte ditut, eta Ortuellan dut etxebizitza. Bizilekua, momentuz ... bizikleta!

Azkeneko berriak