Nepal

Indiako Manipur, Assam eta Tripura, ekialdeko estatuak

Indian sartu nintzen azkenik. Ez da lehenengo aldia herrialde erraldoi honetan egoten naizenik, baina Tamil Nadu eta Rajastan estatuak ezagutu nituen. Oraingo honetan baina beste muturretik hastea tokatu zait, Manipur, Assam eta Tripura estatuak zeharkatuz. Eta aldaketa nabarmena izan da, benetan.

Beti entzun izan dut India edo maitatzen duzula edo gorrotatzen duzula, ez dagoela tarteko biderik. Baina neuri kontrakoa gertatu zait. Orain dela bi urte Rajasthanek liluratu ninduen: aurpegiak, biboteak, turbanteak eta batez ere begirada sakoneko jendea. Eta tenpluak, eta Ganesha jainkoari eskainitako festibal erraldoiak. Denak liluratu ninduen eta, salbuespenak salbuespen, oroitzapen ona eraman nuen, miseria, zikinkeria eta kiratsa darion herrialde honetatik (bai, dena ez da goxoa bidaiatzen duzunean, eta errealitate gordinak ere aurrez aurre ikusteko aukera izan nuen).

Baina oraingoan, turista guneetatik oso urrun ibilita, bestelakoa izan da sentimendua. Baliteke Myanmar, Thailandia eta orokorrean bisitatutako herrialde guztiak, Hong Kong kenduta, oso atseginak izan direlako, eta bereziki lasai ibili ahal izan naizelako. Baina Indiako estatu hauetan bestelakoak dira. Manipur estatuan ez dira “ohiko” hindu itxurakoak. Antza Mongol etniako oinordekoak ei dira, eta hori aurpegian eta azaleko kolorean ere igartzen zaie. Mendi inguruetan bizi dira, eta jatorrak eta atseginak dira, irribarrea ateratzea kostatzen zaien arren. Baina lehenengo hoztasun hori gaindituta, atseginak dira. Erlijioari dagokionez (Indian dena da erlijioa, edo erlijioa da bizitza...) adbentistak dira, eta elizak dira nagusi, hinduismoa bigarren erlijioa izanik.

Assam estatua, berriz, ez da horren menditsua, eta beraiek bai, orokorrean ezagutzen dugun itxura dute, azal ilunekoak, hinduistak, eta jantzi koloretsuak daramatzate, eta emakumeek urre koloreko lepoko, eskumuturrekoak eta belarritakoak daramatzate. Eta ez dira mendian daudenenak bezain jatorrak. Eta hemen bai, musulman asko ere badira, hinduistekin batera.

Eta azkenik, Tripura estatuan, mendi eta lautadaren arteko nahasketa dena. Eta bi estatuen arteko nahasketa bat ere badena, izaera eta itxurari dagokionez.

Baina orokorrean, gauza batzuetan berdin-berdinak dira.

  • Kuriosoak dira. Oso kuriosoak. Oso oso kuriosoak. Intimidatu arte ere.
  • Ez dute agurtzen, ezta beraien artean ere, eta hainbat hilabeteren ostean, oso arrotz eta bortitza egiten zait egoera. Agurtu eta erantzunik ez gehienetan. Eta beraiei uzten badiezu lehenengo agurtzeko... agurtu barik geldituko zara.
  • Baina nonbaiten gelditu, eta berehala hurbilduko dira inguruan dauden guztiak (gehienak gizonezkoak) zertan zabiltzan ikusteko, zu ikusteko, eta egiten duzun guztia ikusteko. Baina ez dira metro erdi batera baino gehiagora jarriko. Hemen espazio pertsonalaren kontzepturik ez dago. Denak elkarren ondoan jarri, zu inguratu, eta mugitzen zaren bakoitzean baten batekin topo egingo duzu. Eta ez da ez, bat ere erosoa. Begira gelditzen direlako, agurtu barik eta ezer egin barik. Amak esaten duen moduan, “como las vacas al tren” so egiten. Neuri behintzat kostatu egiten zait egoera gainditzea, eta inork ezer egingo ez dizun arren, egoerak urduritzen nau. Baina apurka apurka ikasten ari naiz... beraiekin joko bat asmatu arte. Gelditu egiten naizenean, denak hurbiltzen ikusten ditudanean, kontrako norabidean 30 bat metro egiten ditut, eta beraiek nire atzetik. Eta berriro ere aurreko lekura bueltatzen naiz. Eta beraiek ere nirekin... behintzat horrela barre egiten dut!
  •  Beste muturrean daude errepidean daudenak. Motorrean zein autoan, eta galdezka hasten direnak, beti gauza bera galdetzen: Nongoa zara, nondik zatoz, zenbat denbora egongo zara Indian. Baina ondoan gelditzen dira, begira, eta batzuetan ere beraien burua eta gurea ere arriskuan jartzen!
  •  Eta azkenik, selfiak.... etengabe horiek ere. Gelditu, zu geldiarazi, eta agurtu barik: selfie please, selfie. Hemendik ikusten dituzten lehenengotariko turistak izan bagara eta.
  • Klaxona etengabe erabiltzen dute. Zoratzeko modukoa da. Bihurgunetan, aurreratzeko, hor daudela adierazteko, abisatzeko, arrazoi garbirik gabe ere.... KLAXONA!
  • Hotelak ez dira hotelak.... jatetxeak dira: HOTEL hitza ikusi, eta ez, ez da lo egiteko lekua, jatekoa baizik. Eta RICE HOTEL gauza bera. Eta hotelak RESTAURANT edota LODGING kartelekin iragarrita daude. Baina ez beti. Askotan ere jatetxeak direlako... loteria modukoa da.

Hori bai, bitxikeria batzuk ere gertatu zaizkigu....

Herri txiki baten tenplu baten galdetu dugu ia bertan lo egin genezakeen... baietz erantzun digute, eta gu pozik. Afaria eman digute, azaldu digute dena, erlijioa, herrialdea, herria, bertako etxe baten dutxa moduko bat hartu, tea beraiekin batera dastatu, eta berriro ere tenplura, azkenik lotara.... Baina ez! Festibal handi bat hasi behar zen, eta arratsaldeko 7ak ziren arren, 11k arte itxaron behar genuen lotarako, festibalaren hasiera ikusteko. Festibala bera Hare Krisnarena zen, eta kantatzen 3 ordu baino gehiago eman dute. Baina doinua beti erritmo berean eta kantu bera.... 11k arte. Orduan mundu guztiak afaldu du, eta gu, loari ezin eutsiz, bertan, jende guztiaren erdian egin dugu lo. Eta jakina, denak guri begira “gure oheak” zelan antolatzen genituen ikusteko. Azkenean lokartu ahal izan naiz, nola edo hala. Baina goizeko 4etan berriro ere kantuka hasi dira. Baina ozen, oso. Antzineko “sound system” topera jarrita. Ai ama!!!! Gosaldu eta ahal bezain arin joan gara, hori dena kuadrilla osoa guri begira zegoen bitartean....

Hurrengo gauean baso bakarti bat topatu ahal izan dugu (ez da erraza hemen inor ez dagoen leku bat topatzea gero) eta kanpin dendan sartu gara arratsaldeko 4etan. Eta zinez probestu eta eskertu dudala! Bakartasuna ordu batzuetan! Miraria!!!!

Baina egoerak gainditu nau, eta orain Agartalan gaude, Bangladesherako visadoaren zain, Indiatik ihes egin nahian....ihes egin Beste aldean atseginagoak omen dira, eta gero berriro ere India erraldoia izango dut zain, noranzkoa joango naizen erabaki ez dudan arren, ez dago ihes egiterik!

Eta oraingo honetan, argazki askorik ez.... ez nuen jarrera argazkiak ateratzeko, apur bat gaindituta ikusten nuen nire burua argazkiak ateratzeko, baina tira.... bihartik aurrera beste gauza bat izango da!

Hemendik aurrera... auskalo!!!

Niri buruz

Kaixo, Asier naiz, eta Hong-Kongetik Ortuellara bizikletaz joateko asmoa dut. Lehenago beste bidaia batzuk egin ditudan arren, hauxe beste kontu bat da!
AEKn  azken 13 urtetan ibili eta gero, urtebete hartu dut amets bat betetzeko.
44 urte ditut, eta Ortuellan dut etxebizitza. Bizilekua, momentuz ... bizikleta!

Azkeneko berriak