Nepal

Nepalen berriro ere!

Orain dela zazpi urte Nepal ezagutu nuen, Annapurnetako trekkinga egiteko asmoarekin. Bidaia bukatu zenean, eta jendeak ia gustukoa izan ote nuen galdetzen zidanean, beti erantzun bera botatzen nuen: Badakit bueltatuko naizela inoiz, noiz ez dakit baina.

Eta hemen nago, Katmandun berriro ere!
Bangladeshetik Indiako Siliguri herrira berehala ailegatu ginen, mugatik oso hurbil dago eta. Eta Darjeelingera bisitatxo bat egiteko aukera ere bagenuenez, probestu egin genuen! Oraingo honetan, baina, 4x4 baten, bizikletak eta alforjak, egun batez behintzat, atzean utzita.

Darjeeling ospetsua da, besteak beste, liburu eta pelikuletan agertzeagatik, eta izen bereko te ospetsua ekoizteagatik. Eta benetan merezi duela bisitatzeak. Mendi artean dagoen herrixka, Himalayetako budismoa gordetzen duen Indiako ingurua. Eta Budismoa eta Hinduismoa batera ulertzeko beste modu bat ere, hortxe baitago bi erlijioak batera duen tenplua, bakoitzak bereari eta bere erara otoitz egiten, elkarren ondoan.

Tren bitxi bat ere badago, txikia, ikatzaz dabilena. Eta oraindik ere erabiltzen dutena, baina bakarrik turistentzako, eta ez lanerako, garai baten bezala.

Eta bertatik ere Canchenjunga mendia ikus daiteke. Ez da ez garai hoberena ikusteko, lainoak herria inguratzen duelako, baina ostarte bat zabaldu eta ikusteko aukera izan genuen, laino artean.

Eguneko atsedenaren ostean eta bueltatzeko 5 orduko bidaiaren ostean, berriro ere bizikletak hartu eta Nepalera!

Segi beherago irakurtzen....

NEPAL

Eta oroitzapenak etorri zaizkit, egunak pasatu ahala... hizkuntza, ohiturak, janaria, usainak... baina momentuz mendirik ez, hegoaldetik sartzen ari gara eta txirrindulariei “horrenbeste” gustatzen zaizkigun goranzko errepide lau luzeak diren arren, erosoa da hemendik ibiltzea. Eta segurua... behintzat seguruago aurreko bi herrialdeak baino.

Eta kanpatzeko arazorik ez! Denda edonon jartzeko aukera dago, erreken ondoan, edota baso txiki baten erdian, edota elefanteen gogoko lo lekuan! Egun baten, landa batzuen erdian, leku polit bat ikusi genuen kanpatzeko... ba hementxe! Esan genuen... baina inguruko baratzetatik jendea hurbildu zitzaigun.
-No, you can’t sleep. Problem! Elephants sleep here! They come at nigth! Go, go!. Hara!!!! Elefanteen gustu bera dugu lo lekuei dagokionez behintzat!

Ale, ba kanpin denda berriro gorde, eta gertu zegoen dorre txiki batera lo egitera. Gauean baina, elefanteen arrastorik ez. Parrandan ibiliko ziren, edo beste nonbait egingo zuten lo. Baina elefante basatiak ikusteko aukera berak zirrara sortzen du... bitartean, eta zain geunden bitartean, hainbat animalia ikusi ahal izan genituen, azeriak, txoriak, bufaloak... Parke natural batetik oso gertu ginen antza.

Hurrengo egunetan, kanpin denda jartzeko arreta gehiago jarri genuen. Ez dugu nahi arazorik elefanteekin eta! Eta gauero eta goizero sukaldatu, eta patxadaz ibili ahal izan gara... istripua izan arte!

Istripu txikia izan zen. Motor batek Marta  manilarrean kolpatu zuen eta lurrera bota zuen. Susto bat besterik ez, baina lekurik lasaienean ere adi egon behar zarela gogorarazi ziguna. Nepal lasaia da, segurua... baina istripuak istripuak dira, eta edonon gerta daitezke. Eta halakoetan, normalean, txirrindulariok eramaten dugu saria... Beraz, eta badaezpada, gertu zegoen hospital batera hurbildu, pomadatxoa hartu, eta lotara.

Ta hurrengo egunean, normala zenez, atsedena hartzeko unea heldu zela adostu genuen, eta Katmandura joateko minibus bat hartzea erabaki dugu. Orain, Katmandun, australiar bikote baten etxean, atsedena hartzen, turismo apur bat egiten, eta Tamel, motxileroen auzo ospetsuan diru apur bat gastatzera. Nire lo zakuak zituen luma guztiak bidean utzi ditu antza, eta hemendik aurrera mendia (eta suerte apur batekin elurra) izango dugu zain.

Eta bitartean, MENDIAN ERE EUSKARAZ ekimenarekin bat egiteko bideotxo bat ere grabatu ahal izan dut... kostata, baina lortuta!


Ah! eta igual ez dizuet kontatu... baina laugarren parrila ere topatu behar dut!!!!

Hemendik aurrera... auskalo!!!

Niri buruz

Kaixo, Asier naiz, eta Hong-Kongetik Ortuellara bizikletaz joateko asmoa dut. Lehenago beste bidaia batzuk egin ditudan arren, hauxe beste kontu bat da!
AEKn  azken 13 urtetan ibili eta gero, urtebete hartu dut amets bat betetzeko.
44 urte ditut, eta Ortuellan dut etxebizitza. Bizilekua, momentuz ... bizikleta!

Azkeneko berriak