Nepal

Hanoitik Mai Chaura

Vietnamekin arazotxo bat nuen.... Aurreko bidaia baten ezagutu nuen, bi astez, eta ez ninduen liluratu. Akaso sleeping bus-ean ezagutu nuelako, eta ez oinez edo bizikletaz ohituta nagoen bezala. Sleeping bus horietan ibiltzeak gauza onak ditu: gauez bidaiatzen duzu, ohean, lo egiten (edo saiatzen) eta gaua aprobetxatzen duzu leku batetik bestera mugitzeko. Baina turista gune batetik bestera ibiltzen zara, eta baliteke hori izatea aurrekoan izan nuen arazotxoa....

Jendeak galdetzen zidanean Vietnami buruz, oporrak bertara pasatzeko askoarekin, nire erantzuna beti berdina zen: Ongi dago, baina Asian badaude beste leku batzuk politagoak, eta jendea atseginagoa... iruditzen zitzaidan herrialde bera turistentzako prestatua zegoela.

Ba oraingo honetan Vietnamekin nuen arazoa konpondu dugu... Bizikletaz bidaiatzen jendea jatorragoa iruditu zait, eta leku ederrak topatu ditut, bertan denbora asko gelditzeko txokoak, eta Hello! agurrak etengabekoak dira. Elkartzeko eta elkarrekin jesartzeko gonbidapenak ugariak dira, leku guztietan: jatetxetan, etxetan, kafetxoa hartzen...

Hanoin egun batzuk pasatu ditut, Hostel merke baten, atsedena hartzeko. Eguraldi txarra izan dudanez, aprobetxatu dut pendiente nituen gauzekin egunean jartzeko. Eta Laosera zelan eta nondik pasatuko nintzen erabakitzeko. Hosteleko kartel baten ikusi dut MAI CHAU, Saparen ordezkoa, turista askorik gabeko gunea... eta mapan begiratuta, bidean dut... beraz, erabakia hartuta. Erraza da bakarrik bidaiatzen duzuenan... ez duzu norekin kontrastatu behar ezta erabakia hartu behar. Hori bai, hanka sartze guztiak, eta asmatutakoak, zureak eta zureak bakarrik dira!

Egun pare bat eman ditut Mai Chauraino ailegatzen, eta honako honetan, bidexketatik joatea erabaki dut. Eta benetan erabaki ederra. Arroz baratze izugarriak ikusi ditut, mendi arteko bailara ederrak, Gò Lao ur jauzia (eta bertan lo egin ere), Hoa Bin aintzira izugarri handia, baso tropikal ikaragrrriak... baita itzelezko aldapak, lokaztutako bideak eta gorabehera askoko bidezidorrak. Baina merezi izan du benetan!

Mai Chau ederra da, eta Sapak dituen balkoi modukoak ez dituen arren, liluratu nau. Ingurua ezagutzeko aukerarik onena, nik uste, motorrez dela (bertan alokatzen dira), eta pare bat egunez inguruetatik ibili eta bidexketan galtzea dela hoberena. Turista guneak ikusi bai, baina handik kanpo badago Vietnam eder oso bat. Ez galdu aukera!

Normalean turistadak ez ditut egiten, baina gaur denbora soberan izan dut eta 1.000 eskailera duen kobazulo batera igo naiz. Ez dakit horrenbeste izango dituen baina izan baditu eskailerak gero! Kobazuloa bera ez da gauza asko, baina behintzat bizikleta utzi eta oinez ibili ahal izan naiz apur bat.

Vietnam eta Laos arteko mugara egun pare baten ailegatuko naiz. Egunak soberan ditut, eta ez dut behar horren azkar ibili. Gainera, bidea ikusi dut eta mendietatik gora eta behera ibiliko naiz. Patxadaz izan beharko!


Vietnamen egindako ibilbidea

Niri buruz

Kaixo, Asier naiz, eta Hong-Kongetik Ortuellara bizikletaz joateko asmoa dut. Lehenago beste bidaia batzuk egin ditudan arren, hauxe beste kontu bat da!
AEKn  azken 13 urtetan ibili eta gero, urtebete hartu dut amets bat betetzeko.
44 urte ditut, eta Ortuellan dut etxebizitza. Bizilekua, momentuz ... bizikleta!

Azkeneko berriak