Nepal

Mendi artetik...

Mendia atzean utzi dut, azkenik! Gogorrak izan dira mendian ibilitako kilometroak.
Baina mendi koxkorrak atzean utzi, eta aldapa luze eta suabez jarraitu du bideak. Orain behintzat, gustura eragin ahal diet pedalei, eta buruak ere atsedena hartzen du. Gogorra da mendiko bidea, bertako jendea bezain gogorra. Lehenengo aldiz Laosen nagoela, harritu ninduen jendearen “mesfidantza” edota “beldurra” edota "harrokeria", ez dut asmatu zer den. Edo akaso guztia nahastuta... Gutxik agurtzen zuten nahiz eta Sabaidee ederra bota. Eta kostata ateratzen nizkien irribarreak. Zalantzatan jartzen hasia nintzen entzundakoa eta irakurritakoa herrialde honen gainean. Leku guztietan irakurria nuen jatorrak, atseginak eta irribarrea beti aurpegian zutela... neuk ordea ez dut hori topatu. Mendi inguruetatik atera arte!
Bizimodu gogorra mendian daukatena, izaera bezain gogorra. Ez daude bereziki ohituak turistekin, eta igartzen zaie. Umeak ziztu bizian ezkutatzen dira, errepidean topatu ezkero .Nahiz eta kuadrilla ederra izan, txirrindulari zuri bizarduna ikusi eta korrikan basora, izutuak gehienak. Kostatu egiten zaie konfiantza hartzea!

Bidean, sufritzeaz gain, disfrutatu ere egin dut... errekan txalupa txapelketa bat ikusi, eta Euskal Herria bueltatu naiz memento batez. Indar eta gogo berdintsuekin animatzen dute han eta hemen, jai eguna dute gaurkoan eta bakoitzak bere taldea animatzen dago. Baina txapelketa bukatu, eta denak batera ibiltzen dira bertan antolatu duten azoka modukoan. Lehiakorrak bai, baina bakarrik uretan!

Beranduago,  ni bezala bizikletaz dabilen lehenengo bidaiarekin topo egin dut. Irlandarra, Indiako Agora herritik datorrena, Myanmar eta Thailandia zeharkatuz. Poztu gara biok, berak topatzen duen hirugarren bidaiaria naiz, eta niretzako bera lehenengoa. Aholku batzuk trukatu ditugu (bideak, lo egiteko lekuak, jendea, arriskuak...) eta ura eskaini diogu elkarri. Seguruenik biok dugun altxorrik preziatuena izango da inguru honetan eta!. 20 minutuz hitz egiten egon gara, argazkiak elkarri eta elkarren bizikletei atera, elkarrekin.... eta bakoitzak bere bidea jarraitu du.
Poztekoa da zure harrikada bera duen norbaitekin topatzea...

Eta azkenik, gutxinaka gutxinaka, Luang Prabang-era ailegatu naiz. Herri txiki baina dotorea da, templo budistaz josita, eta bertako monjeak goizetan  ibiltzen dira kalez kale janari eske, eta bertakoentzako oso erritu garrantzitsua ei da. Inguruan, gauza asko ikusteko daude, eta bizikleta izanda, hemen egun batzuk igaroko ditut, alde batetik bestera, eta aprobetxatu beharko dut atseden apur bat hartzeko ere... Kontatuko dizuet!

 

.

Niri buruz

Kaixo, Asier naiz, eta Hong-Kongetik Ortuellara bizikletaz joateko asmoa dut. Lehenago beste bidaia batzuk egin ditudan arren, hauxe beste kontu bat da!
AEKn  azken 13 urtetan ibili eta gero, urtebete hartu dut amets bat betetzeko.
44 urte ditut, eta Ortuellan dut etxebizitza. Bizilekua, momentuz ... bizikleta!

Azkeneko berriak