Txiribuelta.eus

Mingalaba Myanmar!

Myanmarrek liluratuta nauka. Aitortu behar dut.
Mae Sotetik (Thailandia) Myawaddyra (Myanmar) pasatzeko lehenengo mementotik konturatzen zara atzean utzi duzula Thailandiako “garapena” eta “modernitatea”. Muga zeharkatu bezain laster jende atsegina, lagunkoia, zoriontsua... aurrean duzula agerikoa da. Edozer eskatu (eta eskatu barik ere) eta berehala izango duzu eskatutakoaren bikoitza.

Askotan esan ohi dut mugan dauden herriak ez zaizkidala asko gustatzen. Herrialde berri batera sartzen zarenean beti izan ohi dut ezinegona. Txanpon berria, hizkuntza berria, keinu berriak eta izaera berria. Eta honetan ere horrelakoa izan da. Txanpona aldatu, dirua atera, eta berehala errepideari ekin diot, mugatik aldentzeko asmoz. Thailandian ez bezala, hemen errepideak txarrak dira, hauts gorriz beterik, eta trafiko nahikotxo dute asfaltatutako errepide apurrak. Herrialde txiroa da, eta hori ere lehenengo begi bistan sumatzen da. Auto gutxi, motorrak eta bizikletak nagusi, eta atzera eta aurrera ibiltzen diren goraino (baina goraino) betetako kamioak. Baina nahiko seguruak dira, nahiko ondo gidatzen dute eta tarte nahikotxo uzten dute aurreratzerakoan.

Lehenengo 30 kilometroak obretan eta asfaltatu barik dagoen lur gorrixka duen errepidean eman ditugu. Lur gorri horrek meatzaldeko, nire eskualdeko, lurraren antza badu, eta memento batez Zugaztietan bueltaka nenbilela imajinatu dut. Bista altxatu eta berehala bueltatu naiz nengoen lekura, bertako errepide lau luze amaigabetara. Izan ere, edonora begiratu eta aurpegia “margotua” duen jendea baino ez dago. Hemen jende guztiak erabiltzen du hauts horixka, zuhaitz baten azaletik ateratzen dutena, eguzkitik babesteko antza, baina apaintzeko ere erabiltzen dutena eta era guztietako biribil, marra eta puntuekin apaintzen dute aurpegia. Emakume zein gizon. Eta zinez ondo gelditzen zaiela, polita da ikustea. Eta politagoa da ikustea zelan mantentzen dituzten ohiturak, apaintzeko era dela, janzkera dela, edota izaera bera.

Bada beste gauza bat ia mundu guztiak egiten duena... eta hazi eta hostoen nahasketa bat murtxikatzea da. Nolabait beste herrialde batzuetan koka hostoak murtxikatzea bezalakoa omen da, indarra edo ematen die edo, eta etengabean ari dira hosto horiek jaten. Eta listu gorria botatzen, etengabean eta nonahi. Baina asko eta asko... adi ibili behar zara, auto batetik edota kamioi batetik gainera ez jauzteko.

Tenpluetan saiatu gara lo egiten, baina turistak ez jasotzeko bertako agintarien agindua berria omen dute. Eta suhiltzaileetan berdin. Dutxa bai, baina lo tokirik ez. Thailandian bezala saiatu gara ere bertan lo egiten, baina hemen serio hartu dute kontua.... 2 orduz izan gaituzte komisaldegian bertan zain. Lehenengo, kuarteleko buruzagia ailegatu da, gero immigrazioa, eta azkenik turistentzako polizia berezia. Inortxok ere ez zekien ingelesez, eta itzultzaile automatikoekin nola edo hala ulertu dugu elkar. Azkenik, afaltzen gonbidatu, eta azaldu digute, nahiz eta bagenekien arren orain dela gutxi gobernuak debekatu duela turistek edonon lo egitea, eta soilik hotel eta moteletan lo egin ahal dugu. Herri horretan baina turistak jasotzeko baimena duen hotelik ez, eta bizikletak kamioneta baten igota eta gu polizia auto baten, 25 kilometrotara eraman gaituzte inguruan dagoen hotelik merkeenera!

Guztiz surrealista izan da egoera, ingelesa omen zekienaren zain egon dira denbora osoan, eta horri ulertzerik ez zegoen inondik inora! Baina tipoa arro, besteei erakusten zelan hitz egiten zuen ingelesa, eta polizia turistikoa izateko hizkuntzak menperatu behar diren!

Beste batzuetan, aldiz, dutxa eskatu, eta afaltzera gonbidatu gaituzte ere. Eta hemen otordu guztiak antzerakoak dira. Arroz zuri egosia, eta ondoan hainbat plater txiki jartzen dituzte, zure kabuz nahi duzun moduan nahasteko. Eta pikantea, beti pikantea.

Bitxikerien (eta ohituren) artean badago hemen atentzioa eman didan tontakeria bat. Gizon gehienek gona daramate, gazte zein heldu. Gona luzea, oinetaraino ailegatzen zaiena. Baina atentzioa eman didana bereziki txiza egiteko era izan da. Komunetan, zutunik, gona jaso eta txiza egin. Eta errepideetan aldiz, antxintxika gona jaso barik... kuriosoa.

Orain Naypyidaw-en nago, bertako hiriburuan. Gero Bagan eta Mandalay etorriko dira.... eta abenturatxo gehiago seguru ere!

Hemendik aurrera... auskalo!!!