Txiribuelta.eus

Bangladesh, hizkuntza aldarri duen herrialdeak

Bangladesh herrialdea zeharkatzeko aukera nuen, eta aprobetxatu nahi nuen. Informazioa bilatzen saiatu nintzen, eta askorik ez dago sarean. Neuk ere gauza gutxi nekien. Indiako herrialdeak zeharo inguratzen duen herrialde musulman txiki bat zela besterik ez nekien. Baina harritu nau, herrialdeak eta atzean duen istorio laburra.
Indiako Agartalan Bangladesherako visadoa lortzeko egun pare bat eman ditut, eta bertan Agartala Cicloholics taldeko Gopesh ezagutu ere. Kontsulatura paperak egiteko hurbildu ginen, eta bertako sarreran gizon bat hurbildu zitzaigun, galdezka eta erakutsi zigun aurreko egunean errepidean beste lagun batzuekin guri ateratako selfia. Kasualitatea gero! Gopeshek bizikletaren erabilera sustatzeko nazioarteko proiektu baten hartzen du parte, bere taldearekin, eta ostatua eskaini zigun, bertako unibertsitatean guest house moduko bat izan badute ere, printzipioz soilik bertako ikasleentzat, baina bera bertako irakaslea izanik lekutxo bat egin zigun, bertako arduradunekin hitz egin ostean. Aukera ederra! Bera ere pozik, bizikleta berriak frogatu ahal izan zituelako (gureak) eta mekanika tailertxo bat ere egiteko aukera izan zuelako. Indian dena konpontzen dute, baina bizikleta mekaniko onik ez zegoela inguru guztian, soilik ingeles itxurako bizikletak konpontzen dituztenak antza. Berarekin egun pare bat eman ostean, eta agurtzeko hitzordua jarrita genuenean, hantxe agertu zen ABC Indiako kazetari bat, kamara eskuan zuela elkarrizketa egiteko. Gopesh poz-pozik, eta neu kikilduta, seguru bainengoen ez zela ez euskaraz izango eta nire ingeles maila hoberena erakutsi beharko nukeelako... eta ez da asko, egia esan behar badut.

Galdezka hasi zitzaigun... mezu bat zabaldu munduko agintariei bizikleta bultzatzeko, zertan lagunduko lioke bizikletaren erabilera ingurumenari, animatu Indiako jendea bizikletaz ibiltzeko... ai ama!!! Baina bueno, nola edo hala, totelka eta nire burua zuzentzen etengabe, mezua bota dut.

Eta orain bai, abiatzeko ordua heldu da! Gopesh agurtu, animatu egiten duen lan ederrarekin, eta mugarantz! Inoiz denbora gehien kostatu zaidan muga!

Indiako aldean, paperak begiratu, galdeketa, alforjak gora eta behera, bizikleta eskuan, berriro galdeketa, eta ia non dagoen gure “permission” bizikletak garraiatzeko... baina geuk bizikletaren paperarik ez, gure herrialdetik ekarritakoak ziren eta.

Baina azkenik, pasatzen utzi eta Bangladesheko lurra zapaldu dugu... Eta gauzak aldatzen hasi dira. Indian baino zikinkeria gehiago dagoela ohartu naiz berehala, dena “zaharragoa” dela. Visadoaren zigilua eskuratzeko ere, garita moduko baten 3 ordenadore duen gela baten sartu, liburu handi baten gure datuak betearazi dizkigute, eta bertako telefono zenbaki bat behar zutela. Berdin zaie nongoa edo norena den, baina telefono zenbakirik gabe, ez dago pasatzerik! Ondoan zegoen lagun batek galdetu digu ingelesez ia norantza gindoazen, eta bere laguntzarekin eta gordeta genuen telefono zenbaki batekin lortu dugu zigilua. Joan aurretik, baina, lagun berriak ohartarazi gaitu... Bangladeshen oso jatorrak dira, eta abegitsuak. Baina arazo txiki bat dute poluzioarekin.... Txikia eufemismo hutsa zela laster jabetuko nintzen arren.

Paper guztiak beteta, eta aldatutako dirua poltsikotan, martxan jarri gara. Eta bai, badute arazo bat poluzioarekin (larria baino larriagoa dena, ustez lainoa zena poluzio hodeia besterik ez da eta) eta gidatzeko erarekin beste bat dute. Edo geuk izan dugu, hobeto esanda. Ez da ez, bizikletaz ibiltzeko herrialdea hauxe, ez behintzat hirietatik gertu, edo hiri barruan... arriskutsua da oso. Hainbatetan atera behar izan naiz errepidetik eta artzenetik eta beste askotan autobusak eta kamioiak ziztu bizian pasatu naute zentimetro gutxitara (eta ez da ez, ahoberokeria)

Herri txiki baten sartu nahi izan dut, ikusteko zer dagoen, prezioak, zelakoak diren beraiek... eta laster motordun tipo bat inguratu zait, gelditzeko mesedez, te edo kafe bat hartzeko. Geuk ezetz, presaka genbiltzala eta eguneko helmuga urrun genuela oraindik. Baina tipoak baietz, sikieran postretxo bat frogatu behar genuela. Eta halaxe egin behar!

Bengaliak, Hinduak ez bezala, galdezka hasten dira berehala. Kuxkuxeroak dira, Hinduak bezala, baina hauek irribarrea dute ezpainetan. Eta hitz egiteko gogoa. Etengabe hitz egin nahi dute zurekin.

Azkenean, ezin helmugara ailegatu eta bidean hostel baten hartu dugu ostatua. Denetan lagundu digute ere, eta beraien historia ere gainetik azaldu.

HIZKUNTZAREKIN LOTUTAKO INDEPENDENTZIA

India Ingalaterrako kolonia izateari utzi zionean, Pakistan herrialdea izan zen, gaur egun ezagutzen dugun Pakistanekin batera. Horrela izan zen estatu biak Musulmanak zirelako, gainerako herrialdeak ez bezala (Cashmire ere musulmana den arren, orduko agintaria hindua izanik India izatea erabaki zuen, herriaren gehiengoaren kontra, baina hori beste kontu bat da)
Eta horrela kudeatu zuten milaka kilometrotara zatitutako herrialde bi, Ekialdeko eta Mendebaldeko Pakistan, Kurdu hizkuntza Pakistan osoa ofizial bakarra inposatu nahi zuten arte. Orduan hasi zen Bengali hizkuntzaren aldeko mugimendu indartsu bat. Eta behin Bengaliaren ofizialtasuna lortuta, independentzia lortzeko bideari ekin zioten. Eta gerra odoltsu baten ostean (luze joko zuena azaltzea), lortu zuten Bangladesh independentea. Gaur egun, Bengali hizkuntzaren egun nazionala ere badute.

Dhaka hiriburuan

Dhakara sartu ginen hurrengo egunean... zer edozer irakurri nuen, gainetik bazen ere... zaratatsua, populatua eta zoroa zela. Baina noraino ezin imajinatu! Auto, autobus eta tuk-tukak errepide osoa irensten dute, espazio oso osoa okupatu arte ere. Ez dago tarterik inondik pasatzeko, eta guztiek klaxona jotzen dute etengabean. Ufa! Zelako zoramena! Autobusak kolpatuta daude lau aldetatik, guzti-guztiak, eta autoek bufaloak erditik kentzeko moduko paratxokeak.
Eta Old Delhi... are gehiago! Hortik ibili nintzen bizikleta denden bila, apurtutako 3 parrila ordezkatzeko. Eta handik ihes egin nuen parrila barik! Lortuko nuen beste leku baten, baina ez infernu horretan!

Bertako lagun batek etxean hartu gintuen bi egunez. Familian bezala sentiarazi ere. Sanowar, lagun berria, korrikalaria eta txirrindularia da. Neuk ere zaletasun horiek ere baditut, eta hortxe ibili gara, bakoitzak besteari bere herrialdean egiten diren lasterketen berri ematen. Hunkitu egiten dela argi dago, oilo ipurdia askotan izan dugu biok eta! Hemen, Bangladeshen, korrika egitea eta bizikletan ibiltzea ez dago oraindik modan, gurean bezala. Txiroen kontuak dira, gaizki ikusita dago, bizikleta batez ere, eta horrek zaildu egiten du erabilera bera. Baina familia ere horretan babesten dute eta aurrera jarraitzeko gogo bizia du. Familia musulmana (hemengo gehienen antzera), emakumeak guztiz estalita ibiltzen dira, baita etxe barruan ere, batzuk beltzez, beste batzuk kolore biziagoekin... baina beraien ohiturak jarraitzen dituzte, gazteenek ere. Etxean hartu gaituzte familiakoak bagina bezala, eta amak (munduko ama guztiak bezalaxe) jateko eta jateko une oro esaten eta guretzat kozinatzen ibili da. Eta ederki kozinatu ere! Jatordu goxoenak bere etxean izan ditugu,  zinez!

Beste egun batez eskatu digute bertan gelditzeko, baina oso hizi zalea ez naiz, eta ez dago gauza handirik ikusteko inguruan. Ez behintzat trafiko honekin!

Sanowar gurekin etorri da bere bizikletarekin Dhaka atzean utzi arte, eta hemendik kontuz ibiltzeko aholku batzuk eman ere: ez begiratu atzerantz inoiz (abisatu barik aurrean dagoena geldi daiteke, edota buelta eman), joan elkarrekin ahal duzuen gertuen, jarri kaskoa... eta kontu handiarekin ibili!

Eta halaxe ibili gara gaua arte. Hortxe inoiz gertatzen dena gertatu behar zen... lo egiteko leku bila eta denda jartzeko lekurik ez. Jendea bazter guztietan dago eta ezin leku lasai bat bilatu. Hotelak ere, urriak. Azkenik, desesperatu xamar, poliziarengana. Hauek ezetz, enpresa handi batera bidali gaituzte babes eske. Hauek ere ezetz, 10 kilometrotara dagoen hotel batera bidali gaituzte, eta heltzerakoan... sorpresa! Itxita. “Very problem. A lot of bed-bugs”. Mekaguen... Ospitalean galdetzeko esan digu harreran topatu duguna. Eta hara joan behar, ez baitzegoen beste aukerarik!

Hantxe hartu gaituzte, galdeketa txiki baten ostean. Eta ostatua eman behar ziguna agertu zen. Jatorra, bizia eta urduria benetan! Baina atsegin handiz erakutsi digu ospitalea, unibertsitatea ere badena, eta 5.000 ikasle baino gehiago duena, hostel eta guzti, eta dena doan. Eta ospitalearen eremuaren barruan, “babestutako gunea” erakutsi. Harridura igarri da, dena guztiz garbi dutelako, eta ez autorik, ez tuk-tukik ez bizikletarik ez dagoelako herri moduko honetan. Niretzat paradisu txikia, horrenbeste zarata eta ke artean egon ostean!

Orain, aldiz, Siligurirako bidean, India egun pare batez zeharkatu eta Nepalerako bidea hartzeko gogoz. Baina Bangladeshetik ateratzea egun batzuk kostatuko zaidan arren, bertakoen laguntza jasoko dudala ere badakit. Bitartean, poluzioa jaten jarraitu beharko dut....

Hemendik aurrera... auskalo!!!