Txiribuelta.eus

Ekuadorrean!

Egun lasai batzuk Katmandun igaro ostean, eta geldi egoten ez dakidanez, Phokararako bidea hartu dugu. Warmshower aplikazioaren bitartez topatutako australiar bikotearekin eta bertan gu bezala beste bi lagunekin agurtu ostean, bizikletak hartu eta pedalei eragiten hasi gara.

Bidea lasaia, menditsua, eta gozatzeko aukera ematen duena, nahiz eta trafiko nahikotxo dagoen. Gozatzen ari nintzen, zinez! Pedala apurtu zaidan arte. Pedala puskatu da, inolako zentsurik gabe, eta ejea puskatuarekin jarraitzen saiatu naiz, baina ezinezkoa! Bizikletak pisu gehiegi du horrela ibiltzeko. Teknologia berriei esker, Juani (Laferroko jabeari) idatzi ahal izan diot, eta berehala erantzun ere, eta konpontzeko instrukzioak bidali dizkit ziztu bizian (Mila esker, txo!) Baina alperrik, ez dago modurik bere lekuan jartzeko, ejea bera puskatu egin delako... Eta bizikleta dendarik ez inguruan. Arratsaldea gainera etorri zaigu, eta gertu zegoen erreka handi baten ertzean aterpea muntatu eta errekan “dutxa” arin bat hartu ere.

Hurrengo egunerako erabakia hartu dugu afaldu bitartean... autobusa hartu behar dugu bai edo bai, Phokara herriraino. Han bizikleta denda asko badaude, eta pedalen bat izango dute nireak ordezkatzeko...

Goizean goiz, errepidera hurbildu eta ailegatu den lehenengo autobusean suertea izan dugu... Phokararaino eramango gaitu, merke (apur bat regateatu ostean, beti bezala).

Phokara herria ezagutzen nuen, eta aldatu den arren ezagunak egin zaizkit txoko, bazter, kale eta dendak.... Eta denbora aurreratu dugunez autobusa hartzen, egun batzuk eman ditugu bertan, Annapurnetako kanpo basera joateko eguraldi onaren zain... baina beti ez dugu suerte ona gero. Lainoa eta lainoa egunero, goizetik gauera! Eta nahiz eta ibilaldi txiki bat egin dugun, ez ditugu ikusi maite ditudan mendi koxkorrak....

Bitartean ere, Euskal Irratiak-en solasalditxoa izan dut. Gustatu zait asko elkarrizketa honek sortu didan zirrara berezia. Munduko beste puntan egonda, nire herritik Euskal Herriko beste puntan dagoen irratian elkarrizketa izateak badu sustrai berezia. Euskara munduan barna, eta Euskal Herriko txoko guztietara hitzak zabalduz. Egin izan dizkidatenean, etxekoak eta lagunak ez ditut abisatzen (lotsak ez dit uzten eta), eta horrela izan da oraingo honetan ere, baina Abanto eta Zierbenatik Ederrek entzun izan du zuzenean, autoan zegoela antza, eta audioa bidali dit. Irrati hori badu autoan jarrita gidatzen duenean eta. Biba zu, Eder! Bizkaiko meatzetatik ere, euskarak badu etorkizuna gero! Jarrai dezagun bidean!

Beraz, eta egin beharreko guztiak eginak ditugunez (azkenik badut Pakistanera sartzeko visadoa!) bidera atera gara, hego-mendebalderantz joateko asmoarekin.

Herria zeharkatu behar genuen, eta bertan kontu pare bat erosi ere... Diamox, Pakistango Karakorum bidean altuerako gaitzaren sintomak arintzeko pilulak eta giltzarrapo berri bat (giltza nonbait utzi dugu eta)... Pilulak, OK! Giltzarrapoa... ezin topatu! Hemen ez dituzte gehiegi erabiltzen, lapurretak ez dira ohikoegiak eta.... denda bat... beste bat.... eta bat-batean atzeko frenoak huts egin dit. Presioa galdu du guztiz. Azken egunotan olioa apurka apurka galtzen ari zela nabari dudan arren, ondo zebilen... orain arte. Ia, hau ez da horren erraza izaten konpontzen, eta berri batzuengatik diru gehiegi eskatzen dute!

Baina azkenik denda txiki baten (ematen du hoberen funtzionatzen dutenak horiek direla azkenik) frenoa purgatu didate eta badabilela ematen du.... behintzat aste batzuetarako izango dut. Bitartean, bidean jarraitu beharko dut noizean behin berrien bila, edo Myanmarren topatu nuen mekaniko fenomenoaren parekoa!

Orain bai, bagoaz!

Ba ez, euri zaparrada hasi da bizikleta hartu bezain pronto. Eta arratsaldera arte botatzen jarraitu du. Ba beste egun bat Phokaran! Ai, ene! Ez gara hemendik aterako azkenean?

Hurrengo egunean, azkenean bai, goizean goiz esnatu, eta hosteleko sarreratik.... Fishtail mendi punta! Euriak lainoa eraman du eta oskarbi dago zerua! Himalaiak hor daude, begi bistan!

Zalantzatan ibili gara... baina eguraldiaren iragarpena ez da oso ona. Beraz, bizikletak hartu, eta Peace Pagodara igo gara. IKUSPEGI EDERRAK! Mendi koxkor elurtuak, herria, aintzira... dena ikusten da!!! Minutu bakar batzuk izan badira ere, hor daude, gure begien aurrean, eta gure buruan eta bihotzetan luzarorako. Lagun batek, Patxik, urte gehiegi ema zituen mendietatik urrunduta, eta berarekin gogoratu naiz. Egunen baten ekarri beharko dut bera hona, hainbeste maite dituen eta amestu izan dituen mendiak aurrez aurre ezagutzeko!

Eguna berehala joan zaigu, Peace Pagodara igotzeko denbora asko eman dugu eta. Jaitsieran aterpe bila hasi gara, eta Ashram baten galdetu dugu. Bertan logela bat eskaini digute, afaria eman eta beraiekin tartetxo bat partekatu ahal izan dugu. Monje bakarra dago tenpluan, eta monje emakume nahikotxo, haurrekin batera. Goizean goiz alde egin nahi genuen, kilometro batzuk egiteko. Bagenekien mendian gora eta behera ibili beharko ginela, eta presa genuen. Horregatik penaz erantzun behar izan diegu bertan bazkaltzeko gonbita egin digutenean.

Eta horrela jarraitu dugu, tenplu batetik bestera, ikaragarrizko arroiletatik behera, altuera galtzen, egunez bizikleta gainean eta gauez aterpe bila, azkeneko egunotan, gabetan, euri zaparradak etengabekoak izan baititugu.

Atzo, beste tenplu txiki bat topatu eta leku paregabea zela uste genuen. Baina, ondoan, 10 metrotara, ezkontza baten ospakizuna zegoen. Bai, ez zen ez ezkontza bera, baizik eta ospakizun modukoa, emaztegaiaren etxean, dantza eta janaria, ordu jakin batzuetan batzen dira, gehienak emakumeak, eta dantzan eta nolabaiteko bat-bateko kantu moduko batzuk botatzen, bertsolarien erara. Eta hor hartu gaituzte, parrandan eta aterpea eskaini ere. Eta eskertu dugu, benetan!

Gaur, esnatu eta balkoira atera naizenean hor ikusi ditut gizonak, lapiko handi handietan kozinatzen, antza ezkontzarako, bertan ospatuko dute eta. Eta oraingoan ere, bertaratzeko konbiteari uko egin behar izan diogu... egunak badoaz aurrera eta ez dugu denpora gehiegirik jada Nepal zeharkatzeko. Eta Lumbini herria ezagutu nahi genuen, Budha jaio zeneko lekua. Gertu geundenez, aukera aprobetxatu nahi genuen... Baina hemendik bazabiltzate, benetan ez duela merezi, ez du ezer berezirik. Ez behintzat ez baduzu sinisten jainko et profetetan... Leku handia, guztia obretan, tenplu eta pagoda asko dituena, baina danak berri xamarrak, eta interes handirik gabekoak. Neuk jada tenplu handi eta txiki asko ezagutu ditut, eta bertan lo egin ere. Eta bakar batzuk izan ezik, gehienek ez didate arreta askorik deitu...

Baina pozik nago! Indiatik gero eta gertuago (Nepaldarren izaeran ere igertzen da gero!) nago, eta Kaxmir dut zain, lehenago Bardia parke naturala bisitatu eta ia tigreren bat ikusteko aukera dudan. Hori bai, urrunetik!

Eta sarreran aipatu dudan bezala, bidaiaren ekuadorra gainditu dut, ia! Mapan begiratuta oraindik ere urrun nagoela ematen duen arren, ia 6 hilabete joan zaizkit ziztu bizian gainera. Atzera begiratuta, Hong-Kong ez zait horren urruna iruditzen. Denbora arin doa gozatzen ari zarenean....

Nepalen egindako ibilbidea!

Hemendik aurrera... auskalo!!!