Txiribuelta.eus

Albania, Ipar-Mazedonia, Bulgaria 2021

Txiribuelta bukatu zenetik urte bat baino gehiago pasatu da, 2020ko apirilaren 4tik hain zuzen ere. Eta pandemia honetatik nahiko nazkatuta nengoen, mundu guztia bezala, imaginatu nahi dut. Ez da urte erraza izan, itxialdia, jendearen arteko harreman urrunak, ezin bidaiatu, ezin ondoko herrira joan, ezin lagunak eta familia bisitatu... urte gogorra, aspergarria, luzea eta ezkorra izan da eta izaten ari da oraindik ere, nahiz eta pixka bat askatu egin gaituzten, oraindik ere soka laburrarekin kateatuta nahi gaituzte. Baina hauxe idazterakoan, sentimendu kontrajarriak ditut.... nirekoia ote naiz aurreko bizitza arrunta faltan dudalako? Edo guztion onerako (eta biziraupenerako) egin beharrekoa egin behar ote dugu, jakinda orain artekoa egindakoak ezer gutxi hobetu duela egoera?

Zalantza guzti horiekin erabakia hartu nuen. Banoa! Ahal den lekura, baina banoa. Eta halaxe egin dut. Orain dela astebete justu, Tiranan agertu nintzen, igande gau batez.... eta asmoa, behintzat beti bezala ezer gutxi prestatu barik eta pentsatu barik, Turkian agertzea da. Bidean, zer topatuko nuen ez nekien, baina ohituta nago halako egoeretara, egunetik egunera plana egiten, edo behintzat saiatzen....

Tiranan lurra hartu eta lehenengo gaua aireportuan bertan igaro dut. Pare bat orduko loaldia eta martxan.... Tirana bisitatu, eta hegoalderako bidea hartuz, Ohrid aintziraraino iparraldetik hegoalderako bidea hautatu nuen... errazagoa iruditu zitzaidalako, iparraldean mendi eta aldapa gehiago egongo zirelakoan. Eta asmatu nuen ibilbidearekin.... ez bakarrik ederra izan delako, baizik eta bidean Ukrainar talde jator batekin topo egin nuelako. Beraiek hartu ninduten apopilo eta zaindu eta animatu ninduten lehenengo egunetan. Ukrainarrengandik gauza asko ikasi ditut, baina onena.... zelan jaten, edaten eta erretzen duten! Jatorduetan Grappa edota Vodka edaten zuten, baina ez jan ostean, geu bezala, txupito bat hartzen.... ez, ez! Bitartean! Ura edaten soilik bizikleta gainean ikusi ditut, gainerako mementoetan.... topa!

Eta beraiekin batera aintzirara ailegatu nintzen, 500 metrotan dagoen mendiko aintzira eder, handi eta garbi garbia... ur garden goxoa, bertako beroari aurre egiteko aproposa! Benetan merezi duela herria, baina batez ere ingurua bisitatzea, eta bertan kanpatzea.

Pena pixka batekin Ukraniarrak atzean utzi eta Ipar Mazedonian agertu nintzen. Mendiak atzean utzi eta lautada eta bailaretan barna bizikletarekin kilometroak errazago eta arinago egin ahal izan ditut, Bulgarian sartu arte. Hortxe, esker eskuin, berriro ere mendi magalak, tontorrak, eta nola ez, mendate luzeak izan ditut bidelagun Sofiaraino ailegatu arte.

Sofian hostel baten hartu dut ostatu. Izena ez dut jarriko, izan ere seguru nagoĀ inguruan hostel hobeak izango direlako , baina niri honek grazia egin dit. Hostela eramaten duen tipoak itzelezko istorioak kontatzen ditu, badala ez dakit noren laguna, ez dakit zenbat negozio dituela, ez dakit zenbat aldiz Bartzelonako jokalariek gonbidatu dutela bazkaltzen.... asmakizunak, azken finean, baina tipoak konfidantza hartu du eta ahal duen guztietan albotik harrapatzen nau eta hementxe dabil kontu kontari....

Murtziakoko bikote bat ere ezagutu dut, hemen bolondres moduan aritzen direnak, biak argazkilariak ere... eta parrandazaleak, eta beraiek Sofia ondo ezagutzen dutenez, garito ilun guztietara eraman naute. Beldurgarriak dira Bulgariarrak orokorrean: handiak, gimnasioan ordu asko ematen duten horietakoak, seriotxoak.... baina jatorrak, eta lagunak egin ditugu tabernetan (txupitoak tartean jakina). Eskerrak Ukraniarrekin entrenatuta nengoela!

Bihar, mendirantz abiatuko naiz Rila parke naturalerantz, eta zorte apur batekin, Sila mendira igotzera.

Kontatuko dizuet....