Txiribuelta.eus

Risihkeshen itxialdia....

Kaixo lagunok...
Aspaldi blog honetan ez nuela idazten, eta azkeneko egunotan honen inguruan bueltaka aritu naiz. Benetan merezi du orain artekoa kontatzen jarraitzeak? Jendeak badu buruan gauza garrantzitsuago batzuk: lagunak, familia, egunerokoari aurre egitea, itxialdia, lana...

Baina azkenik erabaki dut baietz, azkeneko sarrera ez, baina bidaiaren azkeneko kapituluak idatzi behar nituela, zuek nirekin hasi zineten bidaia hau egiten, eta elkarrekin bukatzea justuena dela deritzot. Beraz, goazen lagunok....

Azkeneko sarreran  bidaia bertan bera gelditzeak zer ekarriko lidakeenaren gainean idatzi nuen... ba halaxe izan beharko da, izan ere jada ez dago aukerarik bidaia jarraitzeko, eta etxera bueltatzea zentzudunena dela konbentzituta nago. Eta buelta eta buelta asko eman dizkiot buruari, ezin nuen onartu horren erraz ez jarraitzeak suposa zitzakeena. Baina errealitatea burugogorra da gero!
Punjab estaturantz abiatu nintzen bakarrik, kilometroak “irentsi” nahi nituen, ahalik eta lasterren Pakistanera pasatzeko asmoarekin, Indiak muga guztiak guztiz itxi baino lehenago.
Baina Chandigarh hiriburuan gelditu behar nintzen egun batzuk, bizikletari hainbat konponketa egiteko, geroago Pamir eta Karakorum errepide gogor eta isolatuetan sartu aurretik.
Hiriburura ailegatu nintzenean baina, oso zorte txarra izaten ari nintzela uste izan nuen. Izan ere, ordura arte lo egiteko erabilitako Gurudwaretan ez ninduten hartzen, hasiera baten jaialdi edo ospakizun bat zela aitzakia erabilita. Eta aukera gehiagorik ez nuenez, hostel eta hoteletara jotzea erabaki nuen, bizikleta denda on bat topatu ostean.

Baina, hosteletan galdetzen hasi, eta kontu bera... guztietan erantzun bera: “the hostel is full, sorry sir”. Lehenengoetan sinistu banuen ere, 5.etik aurrera zalantzatan hasi nintzen. Ez zen posible guztiak beteta egotea.... Eta azkenean egia jakin nuen. Ez zuten turistarik nahi. Ez atzerritarrak behintzat. Eta horrela pasatu nituen 4 ordu eta 25 hostel eta hotel baino gehiago. Guztietan jarrera beldurtia edota erasokorra, harrera gunetik ahalik eta lasterren kaleratzen.
Azkeneko aukera bezala, berriro ere Gurudwara batera jo nuen, eta honetan bai, geldi nintekeela, arazo barik. Iepale! Salbatuta nago azkenik!
Baina pasaportea erakutsi, eta ezezko borobila, beste leku batera joateko. Eta hor egoeraren larritasunaz jabetu nintzen!.

Orduan, etsita, bizikletarekin ibiltzen nintzen bitartean, kanpin denda jartzeko leku bila hasi nintzen. Baina lekurik ez. Hiri handi moderno karratuan lekurik ez kanpatzeko.
Bidean, hiritik ateratzeko asmoarekin nindoala, ordura arte ikusi gabeko hotel bat ikusi nuen. Benga, azkeneko saiakera, Asiertxo! Eta honetan bai, hartu ninduten! Harrerako mutila bidaiaria zen ere, eta nire egoerarekin jabetu zen. Ulertzen ninduela eta laguntzeko prest agertu zen. Hori bai, formulario luze bat bete behar izan nuen, gero poliziari eta hospitalari helaraziko ziotena.

Berdin zitzaidan, hor gelditu behar nintzen! Eta halaxe egin nuen. Hotelean abegitsuak eta atseginak izan ziren, baina kalera ateratzen nintzen bakoitzean jendearen jarrera, ordura artekoarekin konparatua behintzat, guztiz kontrakoa zen. Ez zen inor hurbiltzen, urrundu egiten zitzaizkidan, edo eskua edota kamiseta aho eta sudurraren gainean ipintzen zuten nirekin hitz egiteko, distantziak mantenduz. Beraien artean ez, baina nirekin bai. Eta serio arduratzen hasi nintzen!
Horrela pasatu nituen egunak, 6 guztira, paseotxo laburrak ematen eta leku berberetara janari eta edari bila joaten. Azkenean erabaki nuen iparralderantz egitea, Dharamshalara, bizikleta dendan utzita, eta egunak probestuko nituelako asmoarekin. Baina bertan kontaktatutako wharmshower batek abisatu ninduen... Dharamshala itxita zegoen turistentzat, eta bertan zeudenak kanporatu zituzten beste herri batera. Uala!!!! Planak berriro aldatu behar. Aurreko hostelera bueltatu nintzen eta Rishsikeshera bueltatzea erabaki nuen. Bertan Martuki zegoen yoga ikastaroak egiten, eta turista komunitate handia dago. Babesa behar nuela uste nuen, bertako egoera ikusita. Eta egun horretan lehenengo ministroak herrialde osoa egun bakar batez “itxiko” zutela jakinarazi zuen. Niri horrek ez zitzaidan oso normala iruditu eta orduan bai, bizikleta hartu, autobus bat bilatu eta bueltatu behar, ahalik eta azkarren, gainera.

Autobusean lekua hartzeko komediak.

Bertakoek erabiltzen duten autobusa hartzea erabaki nuen. Eta jendez gainezka zegoen. Mundu guztiak beraien etxetara bueltatu nahi zuen. Hauek nik ez dakidan zer edozer jakin badakite!
Hindu guztien artean, bultzakadak, jendea leku guztietatik kolatzen... ostia, azkeneko autobusa da hau. Eta neuk hartu behar dut. Orduan, nire alde hinduena atera nuen eta neu ere hasi nintzen beraiek bezala, bultzaka eta jendea oztopatzen.... Eta lortu nuen azkeneko lekua! Uuuuufaaaaa....

Joan behar nintzen lekutik 30 kilometrotara utzi behar ninduen autobusean jada lasaiago nengoen. Behintzat ailegatuko naiz, azkenik! Ordu txikietan ez dute kontrolik jarriko. Goizeko 3etan ailegatu nintzen, bizikletan muntatu eta egin beharreko 30 kilometro horiek egiteko indarberrituta nengoen! Banoaaaa....

Kontrola topatu arte.... turista nintzela ikusi eta ezetz, ezin nintzela pasatu, saiatzeko hurrengo egunean nahi banuen, baina ez nintzela pasatuko. Ez nuen amore eman nahi. Horrenbeste denbora, buelta... 20 kilometrotara gelditzeko? Ez! Eta han ibili nintzen, polizia batekin, bestearekin, berriro lehengoarekin, jefearekin... baina alperrik. Denbora luze eman nuen bertan. Azkenean, polizia batek ulertu zuen ez nintzela joango, edota pena eman nion, edo aspertu nuen... edo batek daki, baina jefea begiratzen ez zegoen bitartean, keinu bat egin zidan eta neuk ez nuen birritan pentsatu. Argi barik eta ahal bezain azkar, alde egin nuen atzera begiratu barik!
Aurrera jarraitu nuen eta beste 3 kontrol topatu nituen, baina ez nintzen gelditu. Ahal izan nuen bezala pasatu nituen, kamioi bati pega-pega eginda, aldapan behera abiadura hartuta.... eta azkenean ailegatu nintzen.
Aitortu behar dut ez nuela ondo pasatu. Eta nire burua kale gorrian eta bakarrik ikusi nuen behin baino gehiagotan, baina azkenean nahi nuen lekura ailegatu nintzen. Martari  egoera guztia azaldu nion, eta hurrengo egunetako egoerarekin arduratuta nengoela, inoiz baino gehiago gainera.
India berez oso herrialde gogorra da, eta Punjaben jasotakoa oso present nuen.
Orain, Alvaro Rodamundurekin hostel baten nago, beste 2 turistekin, eta bertako yoga irakaslearekin batera. Ondo gaude, seguru, eta momentuz bermatuta dugu egonaldia eta janaria. Eta gure kabuz kirola egiten dugu, sukaldean ibiltzen gara eta horrela pasatzen ditugu egunak, itxialdian.
Baina informazio eza erabatekoa da. Españako enbaxadarekin harremanetan jarri gara, Indiatik ateratzeko, baina momentuz kasurik ere ez. Egun batetik bestera arauak aldatzen dituzte. Eta zuek jada ikusiko zenuten telebistan, baina polizia gogor oldartzen da kalean topatzen dituztenekin. Baina herri honetan behintzat, soilik turistak kolpatzen dituzte.

Hegaldiak apirilaren 14ra arte bertan behera utzi dituzte, baina uztailaren 1a arte ere luzatu nahi omen dute. Eta itxialdia horrenbeste luzatzen badute ere, egoera asko okertu daiteke, batez ere bertakoak ez garenontzako...
Momentuz, pazientzia izatea baino ez zaigu gelditzen, eta ahal bezain ongi pasatzea datozen egunotan...