Txiribuelta.eus

Sabaidee Laos

Sabaideeee!

Vietnam atzean utzita, Laosen sartu naiz eta lehenengo kilometroak ez dira goxoak izan! Mugan, Bruselan ikasitako Vietnamgo mediku batek abisatu dit: Errepidea oso txarra da, eta askotan moztuta izango duzu lur jauziak direla eta. Gainera, gora behera asko izango duzu aurretik. Eta arrazoia zuen!
Muga zeharkatzeko lehenago Laoseko visadoa eskuratzeko paper batzuk bete, argazki bat eman (Foto Patxin 24 atera nituen), 42 euro ordaindu, eta badut 30 egunetarako baimena.

Hortik aurrera, asfaltoa desagertu da, ez da metro bat ere ez asfaltatua lehenengo kilometroetan. Eta desagertu dira ohikoak diren postu, denda eta diru trukatzaileak. EZ DAGO EZER ERE EZ! Bueno, aldapak bai... Eta aldapa gogorrak benetan! 53 kilometrotara dagoen Vieng Xai herriraino ailegatzeko ia egun osoa eta indar guztiak behar izan ditut. Mendi aldean nago, eta mendi koxkor ugaritatik doan asfaltatu gabeko errepideak ez du askorik laguntzen.

Ailegatu aurretik, baina, Lak (Laoseko txanponaren izena) barik ibili naiz, Vietnamgoa oraindik ere poltsikoan nuela, gasolina-zerbitzugune baten aldatu dut, itzelezko komisioarekin... aprobetxatu du ondo bikoteak, bai!
Konpentsatzeko, eta oraindik ere herrialdea zelan funtzionatzen duen jakin barik, jende asko bazkaltzen zegoen leku batera hurbildu naiz. Eta betiko ohitura... agurtu, alforjetan ibili, denbora egin... eta apur bat (baina bakarrik apur bat) giroa baretzen denean, orduan bai hurbildu naiz janari bila. Ggizonez beteriko mahaian berehala egin didate lekua . Eta berehala sticky rice (bertako jaki nazionala, lastoz egindako saski txiki batzuetan gainean eramaten dutena) eta kuia zopa atera didate... eta txupitoak! Ai ama! Hau ezagutzen dut jada... ba 8 bat arroz orujo hartu behar izan ditut, jendearekin topa eginez.... Arin baten bazkaldu eta alde egin behar izan dut, mozkortu aurretik. Hori bai, gonbidatu naute... nire kontura barre batzuk bota dituzte eta!

Vieng Xai ingurua kobazuloz beteta dago, eta historikoki oso garrantzitsua da, eta bisitatzeko aukera asko ditu. Bertako kobazuloetan 22 mila lagun bizi izan ziren Amerikako Estatu Batuen bonbardaketaz babesteko 1964tik 1973 urtera arte. Bertan bertako alderdi komunistak bere 2. kongresua ere ospatu zuen.

Baina eguraldi txarra dago, eta nik jada ez dut indar askorik ikusteko, beraz, aintzira baten gainean dagoen hostel merke batera hurbildu naiz eta bertan ostatu hartu dut. Afarian vietnamdar batzuk gonbidatu naute garagardo batzuk hartzen eta txipiroi lehorrak jaten... bitxia elkarrizketa, bakar batek bazekien ingeles apurrarekin moldatu gara eta.

Hurrengo goizean, berriro ere euria... baina herri honetan gauza handirik ez eta aurrera egitea erabaki dut, bustiko naizen arren. Behintzat tenperatura goxoa da.

Bidean kafetxo bat hartzen gelditu naiz, eta bertako batzuekin solasaldi lasaia izan dut. Ez daude oso gustura bertako gobernuarekin. Hainbat adibide jarri dizkidate, eta (hau ikusita nuen) gobernurako edo agintarientzako eraikin erraldoi berriak egiten dituzten bitartean, jendearentzat garrantzi gehiago duten beste kontu batzuri (hezkuntza, ureztatze sistemak, tasak...) ez omen diote kasu egiten bertako agintariek. Eta zelan ez, ia mundu osoan endemikoa den ustelkeria... en fin!

Beste aldetik ordea, gobernuarekin ez baina gustura daude jendearekin. Atseginak dira, eta nahiz eta oso lotsatiak hasieran. Behintzat mendia ldean kostatzen zaien ni agurtzea baina sabaideeE! esan eta berehala irribarrea ateratzen zaie. Izango da ez dudalako ondo esaten, seguruenik! Batez ere umeek hello, good morning eta I love you berehala botatzen dizute! Hasieran asko kostatzen ari zait argazkiak ateratzea ere. Kamera atera eta alde egiten dute korrikan, baina gero barrez lehertzen dira beraien burua ikusterakoan eta errazago egiten da.

Eta azkenik... Emakumeek erabiltzen dituzten gonek liluratuta naukate. Marrazki geometriko ikaragarriak dituzte, oso koloretxuak. Eta beraiek egiten dituzte! Hariak tintatu, goruan bildu, eta ehungailuan egin. Ikaragarria benetan! Etxeko atari ia guztietan aritzen dira horretan. Ama jostuna izanik, beti deitu izan dit arreta kontuak, etxean beti hariak, dedalak, artaziak... ikusi izan ditut, eta miresten ditut horretan aritzen diren emakume eta gizonak! 

Egun batzuk behar izango ditut mendia aldetik ateratzeko, maparen arabera, eta gaur bezala aldapa luze askori ohitu beharko naiz....

Hurrengo geltokia, 250 kmetara dagoen Luang Prabang... baina hori egun batzuk barru izango da!