Txiribuelta.eus

Ankaran!

Egun batzuk Itsaso beltzaren ertzetik igaro ditugu. Baita atzean utzi ere.
Azkeneko sarreran ez nuen asko sakondu bidaian zehar gertatutakoaz, izan ere bizipenak kontatzea batzuetan saila da, eta memento egokia bilatu behar da hori egiteko. Horrela uste dut behintzat.

Atzo, egun batzuk errepide nagusietatik igaro ostean, Ankarara ailegatu ginen Gilen eta biok. Ez da bide xamurra izan, baina bai segurua. Istanbulen eta Ankaran izan ezik, txirrindulariak ondo baino hobeto errespetatzen dituzte gidariek.

Lehenago ordea, gauza asko gertatu zaizkit baigorriarrarekin elkartu nintzenetik. Elkarrekin pasatzen genuen lehenengo egunean denetarik gertatu zitzaidan... Lo egiteko lekua aukeratu ostean, gertu zegoen aintziran bainoa hartu genuen. Eta hara non, lokatz artean sandalia bat galdu nuen. Eta ezin topatu. Hurrengo goizean, eta barre batzuk egin ostean, luze bilatu ostean topatu ahal izan nuen. Egun berean, beranduago baina, inoiz gertatu baina beti gertatu beharrekoa gertatu zitzaidan: bi gurpilak zulatu, eta konpondu eta konpondu arren ez genuen arazoa topatzen. 4 ordu eta hamaika partxeren ostean, 5 bat kilometro eskas eginak genituen. Ni, desesperazioaren desesperazioan, eta Gilen gixajoa aspertuta nirekin, norekin batu ote zen bere buruari galdezka seguruenik... Lotsa eta ardura nire gain, etsipena bere gain, 80 kilometro egunean ohituta dagoenari erdia baino gutxiago eginaraziz....

Baina gailenduta auzia (edo hori uste genuen) aurrera elkarrekin egitea erabaki genuen. Eta baita egin ere. Bidean, batak bestearengandik ikasiz, eta bion artean aukera gehiago aztertzen eta zabaltzen. Aukera hoien artean, betiko legez, niretzako hoberena dena, jendearekin hartu emanak.

Asko izan dira guregana hurbildu direnak, hitz egiteko, laguntzeko, chai bat hartzeko, edota janaria gurekin partekatzeko. Eta eskertzekoa izan dira memento horiek guztiak, bertako ohiturak, pentsamoldeak, jendea... ezagutzeko aukera izan dugulako. Berdin 3 imanekin pipak jaten eta afaltzen egon garenean, beraien bizimoduan murgilduz, berdin otoitz egiteko mementoak ikusteko... edota berdin 4 emakume nagusiekin itsasertzean afaldu eta suaren inguruan hitz egiten egon garenean, bai Turkiari buruz, bai Erdogan presidenteari buruz... edota meskita baten ondoan arratsalde pasa joan direnekin hitz egiten edo umeekin pilotarekin jolasten.

Baina aznekkn Ankaran gaude, tarteko muga bat.  Ailegatzeko unea pozik igaro genuen. Zalantzatan ginen ia Amasratik Ankararaino 3 egunetan ailegatuko ote ginen edo ez, baina erronka lortuta! Eta sari gisa, Haman baten egon gara, errepideko eta egun hauetako hautsa eta izerdia kentzeko... eta baita beltzaran kolore apur bat ere. Turkian inoiz egoteko aukerarik izaten baduzue, bertakoentzako haman bat bilatu, eta ikusikoko duzue bai... ondo baino hobeto pasatu dugu, bertakoekin barre batzuk, masajea jaso, eta inoiz egin didaten garbiketarik gogorrena eta sakonena!

Orain arte, behintzat, ez dugu inolako ezbeharrik izan, eta dena behar eta nahi bezala ateratzen ari da, beraz, Ankara ezagutu eta gero, Capadocciarantz abiatuko gara, bertako basamorturantz. Ia beroarekin ohitu egiten garen behingoz!

Kontatuko dizuet...