Txiribuelta.eus

Goremeko bidean

Bitxia da bizikletaz bidaiatzea. Behintzat niri, bidaia batzuk eginak ditudan arren, bitxia iruditzen zait oraindik ere bidean sortzen diren harremanak, bideak hautatzeko aukerak, ikusi edo egin beharreko bitxiak, egunero lo edota janaria lortzeko ahaleginak, eta batez ere pentsamenduak...

Uste dut bizikletaz bidaiatzearen arrazoia, edo gakoa, edo magia... bidean sortzen diren pentsamenduetan datzala. Okerrak asko, zuzen eta atseginak gehiago. Eta horrela, egunerokotasunetik aldendu egiten gara egunetik egunera, eta horrek ahalbidetzen du norberaren barruak astindu eta egonkortasunetik haratago egunetik egunera gauza berriak egitera ausardia handituz doa.

Eta horrela, Ankaratik Goreme herrira joan gara, azken asteetan bezala egunero 100 km inguru egiten. Oraingoan bide luzeagoak baina lauagoak aukeratu ditugu. Iparraldeko mendietatik ihes egin eta lautadak bilatzeari ekidin diogu. Eta ez da aukera txarra izan, ez.... aukeratutako bidean herriak desagertu egin direlako izan ez balitz. Horrek ura, janaria eta abarrekoak lortzea zaildu egiten du pixka bat, baina ez da arazo handia izan, nola edo ala moldatu egin gara. Batzuetan gasolina-zerbitzuguneetan lo egiten, beste batzuetan bertakoen laguntzarekin, eta beste batzuetan hamaka eskegi eta ahal izan dugun lekuan lo egiten.

Sorpresa eder askotxo izan ditugu ere, gatz laku ikaragarri handia (Tuz Golu turkieraz) topatzea bezala. Mapan ikusi era aintzira bat zelakoan horrantz abiatu gara, ur ertzean lo eiteko asmoz. Baina hara! Urik ez eta gatz aintzira erraldoia topatu dugu. Begi bistan beste ertza ez genuen, eta albo batera eta bestera begiratuta berdin. Hau sorpresa ederra! Nola ez, ohikoak diren argazkiak ateratzen saiatu gara, bizikletekin gatz basamortu horretan sartuz.

Hortik aurrera, pozik, bizikletak garbitu ostean, janari eta lo egiteko leku baten bila ibili gara. Supermerkaturik ez, janari dendarik ere ez, eta gure azkeneko aukera zena, gasolina-zerbitzuguneetan, gauza gutxi! Herri txiki baten sartu, eta ezkontza bat ikusi dugu. Elkarri begiratuta ez da ia hitzik esan behar izan barrura sartu behar gibela biok jakiteko. Hor seguru janaria egongo zela. Eta horrela izan da. Ikusi bezain laster etxeko jabea etorri eta pasatzera gonbidatu gaitu, eta gu hasieran ezetz, janaria non erosi baino ez genuela jakin nahi (kar kar kar). Eta hortxe, arropaz aldatu, bapo jan (gehiegi ere) chai eta freskagarri batzuk hartu eta ikuskizunaz gozatzera gelditu gara. Ezkontza aurreko eguneko ospakizuna da, senargaiaren etxean. Gizonak alde baten, emakumeak bestean, eta jan eta dantzan. Eta tiroka! Gizon askok pistola dute gerrikoan, eta tarteka ateratzen dute, airera tiroak botaz. Benetako pistolak dira, jakina! Balak antza ez, baina harrabots berdina ateratzen dute. Ikaragarria!

Ordu batzuk bertan eman ditugu, eta gaua itxia zenean agur esateko ordua ailegatu zaigu, ondoan aurretik ikusitako meskita baten lo egiteko asmoarekin. Baina ez, ez digute utzi. Bertako baten etxean ostatu eman digute. Logela, dutxa, gosaria.... benetan eskertzekoa izaten ohi duten jarrera. GIlenekin behin baino gehiagotan komentatu dut, guk gure herrialdean ez genukeela halakorik egingo, ezezagun bat etxera gonbidatu, bertan utzi, giltzak eman... Beno, guk ez genuen egiten. Baina bidaiatzean ere gauza horietaz ere jabetzen zara, eta zelan ez genuen guk ere egingo, horrenbeste lekuetan lagundu bagaituzte?

Eta horrela, gauez, Goreme herrira ailegatu gara. Idoiak esan zidan ikaragarri polita zela. Baina ez nuen uste ikusitakoa horren besterako izango zenik... Ilunabarrean ailegatu, eta helmuga txikiak betetzen ditugunetan bezala, pozik. Eta garagardo bat eskuan genuela, are gehiago! Egun luzearen ostean, eta egun luzeak igaro ostean, hori izan da gure lehenengo saritxoa.... Ilunabar polit bat garagardo bat eskuan genuela. Zein gauza gutxirekin konformatzen garen batzuetan!!!

Goremen argi genuen, hostel txiki bat topatu, gustura egon egun batzuk, eta ahal bazen argazki batzuk atera. Eta bete betean asmatu ere. Hostelean pare bat egun eman, bertakoekin bizitzaz kalakan aritu, eta hirugarren gauean bertako kobazulo bat aukeratu genuen gaua pasatzeko, horrela egunsentia ikusiko genuen. Ikuskizuna benetan! Ez naiz azaltzen saiatuko. Ez dut lortuko. Eta argazkiek ez dute benetan transmititzen bertako ikuskizuna.

Hortik, Goremetik, Istanbulera bueltatu naiz. Banuen hitzordu garrantzitsua bertan.

Hori, baina, hurrengo baterako utziko dut!

Kontatuko dizuet...